4.000 militante ugari zeuden deituta Kataluniako prozesu subiranistarekiko jarrera finkatzeko galdeketara, eta Kataluniako prozesuak alderdia erdibitu duela agerian gelditu da beste behin. Baldintza bat baino gehiago dituen galdera luze bati erantzun behar izan zioten Unioko kideek: «Nahi duzue Uniok prozesuarekin konpromisoa mantentzea, katalanismo integratzailetik eta ondorengo irizpideak jarraituta?». Baiezkoa nagusitu zitzaion ezezkoari —1.351 baiezko, eta 1.226 ezezko—. Josep Antoni Duran i Lleidak zuzendutako sektoreak baietz erantzun zion galderari, eta ezetz independentziaren alde argien lerratutakoek.
Izan ere, galdeketan aipatzen zen baldintza horietan dago gakoa; horien artean daude prozesua Kataluniako eta Espainiako gobernuen elkarrizketaren bidez «kudeatzea», egungo legedia ez urratzea, alde bakarreko independentzia adierazpena baztertzea eta Katalunia independente bat ez onartzea EB Europako Batasunetik kanpo gelditzen.
Ikusteko dago zenbaterainoko eragina izango duen galdeketaren emaitzak. Uniori ez ezik, CiU koalizio osoari ere eragingo dio ezinbestean, Duran i Lleidaren planteamendua ez baitoa bat Artur Mas presidentearen Convergencia alderdiaren asmoekin.