Meir Margalit. Jerusalem ekialderako udal ministerioko burua

«Barne mekanismoei aurre egingo diet, hiriaren ekialdea kontrola ez dezaten»

Etxeak Eraistearen Kontrako Israeldarren Batzordeko buruak aitortu du deigarria izan dela bere izendapena; izan ere, lehen aldiz eman diote halako kargu bat ezkerrekoa den bati.

L. Rioja
Jerusalem
2011ko abuztuaren 3a
00:00
Entzun
Inork ez zuen espero ICADH Etxeak Eraistearen Kontrako Israeldarren Batzordeari emango ziotenik Jerusalem ekialdeko ministerioa. Meir Margalitek (Argentina, 1952) aitortu du nekeza egiten ari zaiola kargu berria. Ibilbide politiko luzea du bere bizkar, duela 30 urte ezarri baitzen Israelen, Gazan kibbutz bat eraikitzeko asmoz. Denboraren poderioz, aldatu egin zuen bere ikusmoldea, eta beste aldera lerratu zen, askok esango luketenez. Jerusalemera lekualdatu zen, eta ezker ukituko alderdi politiko bateko kide egin —Meretz—; gutxiengo sexualak eta erlijio askatasuna aldezten ditu, bai eta bakea lortzeko akordioak ere, palestinarrekin batera estatu bitan bizi ahal izateko bideratu beharrekoak. Jerusalem okupatuari buruzko dokumentazio grafikoa emanez egin dio ongietorria BERRIAri.

Nolatan izendatu zintuzten?

Udalerriko karguak hartu nituenean, galdetu zidaten ea Israelgo hiriburu zatiezintzat onartzen nuen Jerusalem. Lehen ere adierazia nuen horri buruzko iritzia, eta esan nien Jerusalem ekialdea izango zela etorkizuneko Palestinako Estatuko hiriburua. Une hartan, 30 pertsonakbaino gehiagok eraso egin zidaten; baina, azkenean, irabazi egin nuen, judu ortodoxoen babesari esker. Hurrengo, Israelgo eskuin muturreko talde batek alegazio bat aurkeztu zuen Justizia Auzitegian; legez kontra aritzea eta palestinarrentzat baimenik gabe etxeak eraikitzea egotzi zidaten, horiexek baitira nire erakundearen eginkizunetako batzuk.

Nola liteke Jerusalemgo alkateak—argi eta garbi, eskuin alderdi batekoa— zuri ematea Jerusalem ekialdeko ministerioa,Israelen tirabira eta gatazken jomugetako bat?

Eskuinekoa da, argi eta garbi, Jerusalemgo alkatea, baina egia da ere bai aspaldidanik ari zela botoak galtzen; batik bat, judu laikoenak. Botoen %25 inguru galdu ditu. Beraz, ezkerreko bat jarritakarguan, baliteke boto horietako zenbait berreskuratzea. Lehenbizikoz eman diote halako kargu bat, hain zuzen, argi eta garbi ezkerrekoa den pertsona bati.

Oraingoz, zein da zure programa politikoa, oraindik ere palestinarren etxeak eraisten ari direla?

Oraingoz, Jerusalem ekialdeko Siluan auzoan etxeak eraisteari uzteko eskatuko diegu. Hezkuntzari dagokionez, babesa lortzen ahaleginduko gara palestinarren hezkuntza departamentu propio bat sortzeko, judu ortodoxoek duten bezalakoa. Horretaz gainera, handitu egin dugu Jerusalem ekialdeko udal zerbitzuei dagokien aurrekontua. Nire ustez, ordea, ezkutuko informazioa eskuratzeko ahalbidea izango dut, eta horixe da garrantzitsuena, eta, hartara, Jerusalem ekialdea kontrola ez dezaten barne mekanismoak desegiteko modua izango dut; eta, behar izanez gero, AEBei edo Europari igorriko diet informazio hori.

Jerusalem ekialdeko egoera egunetik egunera okerragoa baldin bada, nolatan zara horren baikorra?

Gero eta okerragoa delako ez diot uzten programa politiko baikor bat egituratzeari eta Israelgo Barne Ministerioaren politikei aurre egiteari. Palestinako Aginte Nazionalari dagokionez, gehiago inbertitu behar du Jerusalemen, eta, ezin badute, nazioarteko gizarte zibilaren esku utzi. Itxaropen handia dute irailerako, eta NBEk 1967ko mugen barruko Palestinako Estatu bat onartuko duelakoan daude; baina halakorik gertatzen ez bada, litekeena da III. Intifada sortzea hemen, Jerusalemen.

Karguan dituzun eginkizunen artean al dago, besteak beste, Israelgo militarren presentzia gutxitzea Jerusalemgo hiri zaharrean?

Ez dago nire ardurapean hiri zaharrean poliziek eta militarrek duten presentzia, baina nire agendaren barruan dago eskatzea segurtasuneko buruarekin elkartu ahal izatea, zeina Barne Ministerioaren mende baitago. Etorkizunari begira, nire asmoa da palestinarrek beren polizia eratu ahal izatea hiri zaharrean. Nire helburua da autonomia handiagoa ematea palestinarrei, libre izan daitezen arte; edo, gutxienez, komunitate egitura bat prestatzea.

Nola hartu dute palestinarrek zu ministerio horretako arduradun izendatu izana?

Palestinarrek oso ondo hartu naute. Kargua eman aurretik, zer iritzi zuen galdetu nion Jerusalem ekialdeko buruzagitza palestinarrari, eta beren babesa agertu zidaten. Jerusalem ekialdeko buruzagitza palestinarraren babesik izan ez banu, kargua ez nukeen onartuko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.