Mohamed Abdelhadi Jundula (Alaren Armada) talde armatu sunitako liderrak kartzelatik ihes egitea lortu zuen urtarrilaren 28an, Hosni Mubaraken kontrako manifestazioen iskanbilaz baliatuz. Arineketan joan zen Erresuma Batuak Kairon duen enbaxadara, gobernuak atentatuak egiteko erabili zuela salatzera.
Kontakizun horren harira, Habib el Adli Barne ministro ohiaren kontrako ikerketa hasi du Egiptoko Fiskaltza Nagusiak. Joan den urtarrilaren 1ean Alexandriako eliza baten kontrako atentatuan parte hartu izana leporatzen dio Fiskaltzak Barne ministro ohiari. 24 lagun hil ziren atentatu hartan.
Barne ministro ohiak agindu zuen atentatua, gero, sarraskiaren erantzuletzat islamistak salatzeko eta, horrela, Mendebaldeko botereek Hosni Mubaraken erregimenari erakusten zioten babesa sendotzea lortzeko. Horixe da Fiskaltzaren tesi nagusia, Erresuma Batuko diplomazia iturrien arabera.
Azken sei urteotan 22 agentek osatutako segurtasun sistema berezi bat sortu du Adlik. Talde berezi hori muturreko islamista ohiek, droga trafikatzaileek eta segurtasuneko enpresa pribatuetako langileek osatzen zuten. Xede bakarra zuen taldeak: herrialdearen kontrako sabotaje ekintzak egitea, krisi politiko bat gertatuz gero erregimena sendotzeko.
Bitartekaria ezabatu nahia
Fathi Abdeluahid Barne Ministerioko arduradunak Alexandriako Al Kiddissin elizaren kontrako atentatua antolatzeko eskatu zion iazko abenduaren 11n Ahmed Mohamed Khaledi. Horretarako, Jundula muturreko taldearekin harremanetan jartzeko eskatu zion. Eta halaxe egin zuen. 11 urtez espetxean egon ostean kalera atera berri zen Jaled Barne Ministerioak eskaintza egin zionean.
Abdelhadi Jundulako liderrak Abdelraman Ahmed Ali izeneko gizon bat trebatu zuen lehergailuak eraman, eliza aurrean aparkatu eta urrutiko kontrol bidez leherrarazteko. Alabaina, Barne Ministerioko komandante batek Ali autotik atera aurretik leherrarazi zuen bonba. Egun batzuk geroago, Jaled Abdelhalirekin bildu zen atentatua aztertzeko. Amarrua zen, ordea. Segurtasun indarrek atxilotu egin zuten Jundulako liderra. Geroztik, giltzapean eduki zuten, urtarrilaren 28 arte, ihes egitea lortu zuen arte.
Barne ministroaren atentatuak
Fiskaltza Nagusia Habib el Adli Egiptoko Barne ministro ohia ikertzen ari da, uastez joan den urtarrilaren 1ean Alexandriako elizaren kontrako atentatuan parte hartu zuelako; 24 lagun hil ziren erasoan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu