Barrionuevoren arabera Veraren eta bien kasuak ez du zerikusirik Kataluniako buruzagi independistenarekin

Bahiketarengatik zigorturiko eta PPk indultaturiko Jose Barrionuevo Espainiako Barne ministro ohiak bere kasua Kataluniako buruzagi independentistenarekin zerikusirik ez duela esan du: «Arrautza bat gaztaina baten pare jartzearen gisako zerbait da».

Barrionuevo eta Vera, Marey auziko epaiketan.
Nagore Arin.
2021eko maiatzaren 28a
11:45
Entzun

Kataluniako preso independentistei indultua ematearen aurka agertu da Espainiako Auzitegi Gorena, eta zenbaiten artean harrabotsa sortu du erabakiak.

Jose Barrionuevo Espainiako Barne ministro ohiak eta Rafael Vera Estatuaren Segurtasunerako idazkari ohiak, adibidez, neurri hori Kataluniako prozesu subiranistaren harira kondenatutakoei aplikatzearen aurka daudela esan dute –Segundo Mareyren bahiketagatik zigortu zituzten bi politikariak, eta ondoren indultu partziala eman zieten– . Hain justu ere, Barrionuevo Barne ministro ohiak esan du haien kasua eta buruzagi independentistena «arrautza bat gaztaina baten pare» jartzearen gisako zerbait dela, eta bi kasuek ez duela zerikusirik.

La Vanguardia egunkariari eginiko adierazpenetan, Barne ministro ohiak gogorarazi du bera eta Rafael Vera Segurtasunerako Estatu idazkari ohia Jose Maria Aznarren gobernuak indultatu zituela, eta auzitegiko heren baten baino gehiagoren aurkako botoekin kondenatu zituen aretoak berak «aho batez eskatuta» hartu zela erabaki hori. Barne ministro ohiak nabarmendu duenez, gainera, «pertsona bat bederatzi egunez modu irregularrean atzemateagatik» kondenatu zituzten, eta azpimarratu du «GAL erakundearen erreferentziarik gabe» gertatu zela, «nahiz eta batzuek hori ziurtatu». Vera ere mintzatu da gaiari buruz, eta adierazi du PPk indultu partzial hori eman ziela «ETAren aurkako jardunari buruzko adostasuna haustean egin zuen akatsa zuzentzeko».

Barrionuevoren arabera, bere kasuak ez du inolako antzarik Kataluniako hainbat buruzagi independentista indultatzeko aukeraren testuinguruarekin; izan ere, Gorenaren txostena aurka agertzeaz gain, politikari katalanek ez dutelako aintzat hartzen «legeak berriz ere ez urratzearen konpromisoa». Rafael Vera ere bat dator Barrionuevoren adierazpenekin, eta «desleialtasun konstituzionala» egin izana egotzi die Kataluniako prozesu subiranistaren harira kondenatutako politikari independentistei. Gainera, erantsi du neurri hori ezin dela hartu Espainiako oposizioarekin hitz egin gabe: «PPrekin adostasun batera iristen saiatu behar da, eta hori posible ez bada, neurri hori atzeratu».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.