ipar irlanda

Bart ere izan dira istiluak Belfasten, Erresuma Batuko banderaren aferagatik

Hemendik aurrera bandera udaletxean urtean hamazazpi egunetan egongo da jendaurrean. Ostegunetik 52 polizia zauritu dira.

2013ko urtarrilaren 7a
09:45
Entzun

Manifestari batzuek Belfasten laugarren egunez segidan eraso egin diote Ipar Irlandako Poliziari, ez baitaude ados udalak Erresuma Batuko bandera erretiratzearekin. Suziak eta beste gauza batzuk bota dizkiete poliziei, eta auto bat erre dute. Ostegunetik 52 agente zauritu dira.

Udalak abenduaren 3an erabaki zuen Erresuma Batuko bandera urtean zehar udaletxean jendaurrean egun jakin batzuetan baino ez erakustea —aldeko 29 boto izan ziren, kontrako 21—, eta horrek neurriaren aurkako protestak eragin ditu Ipar Irlandako hiriburuan. 

Orain arte Erresuma Batuko bandera egunero egon da ikusgai Belfasteko udaletxean. Zinegotzi abertzaleek hura erretiratzeko eskatu zuten, "zatitutako hiri honetan neutraltasun giro bat egon dadin". Hemendik aurrera urtean hamazazpi egunetan egongo da.

Ipar Irlandako Gobernuaren eraikin batzuetan eta Parlamentuaren eraikinean —Stormont-eko gazteluan— aipatutako bandera egun zehatz batzuetan baizik ez da izaten jendaurrean.

Peter David Robinson Ipar Irlandako lehen ministroak —unionista da— adierazi du Belfasteko Udalaren erabakia "presaz" hartutakoa izan dela eta "probokatzailea" iruditzen zaiola.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.