Galdeketaren kronika

Bartzelona, auzoz auzo

Saioa Baleztena 'Gaztezulo'-ko kazetariak Bartzelonako zenbait auzo bisitatu ditu, galdeketaren nondik norakoak jasoz.

Saioa Baleztena Rudi.
2014ko azaroaren 10a
07:23
Entzun

Guinardo izan da Baleztenak bisitatu duen lehen auzoa. Poble-Sec-en egon da gero, eta ondoren Ravalen izan da. Nou Barris, Eixample eta Gracia izan dira azken geltokiak.

Guinardo auzoa

Bartzelonako Guinardo auzoan azken gauetan nagusitu diren kazolakadek iragarri zuten bezala, jendez gainezka esnatu dira bertako kaleak. 08:30erako ilara luzeak zeuden edonon, eta kaleek kolore berezia hartu dute orduak pasa diren heinean. Balkoiak sekula baino senyera gehiagorekin jantzita zeuden.

Parc Guellen magalean dagoen jesuiten eskolako ilarak parkeraino iritsi dira, eta bertaratutako ehunka lagunek eskuzabaltasun eta zoriontasun keinuak dituzte bakarrik. “Antolakuntza bikaina da" eta "bazen garaia!” baieztapenak behin eta berriz entzun dira ilaran.

Poble Sec auzoa

Adin eta jatorri guztietako jendearen ahotsa entzuten da Katalunian. Bartzelonaren tontorrean dagoen Guinardotik, bertze muturrean, Montjuic azpian kokatzen den Poble-sec auzora egin dut salto. Hau da, bertzeak bertze, Ravalekin batera, etorkin gehien hartzen duen auzoa Bartzelonan. Jesuiten eskolan izan naiz lehendabizi, eta gerturatzen ari nintzela, txistu doinuek egin didate ongietorria. Bertan topatu ditut Getariatik etorri diren Begoña, Jesus Mari, Alex, Joli, Kontxita, Ibon eta Arantxa. Antza, arrantzale ohiak dira, eta, Marinako Gizarte Institutuaren bitartez, Itsas Etxea hotelean egonaldia dute doan. Ortziraletik Bartzelonan dira, bertako kaleak txistu doinuz alaitzen, ahotsik gabe dagoeneko.

Gorago, Poble-sec auzoko aldapak igota, adineko jendeak ere esfortzua egiten du gaur Carles I eskolan botoa emateko. “Normalean igoera hauek ekiditen ditut, baina gaurkoan merezi du”, onartu dit, hunkiturik, 90 urteko Perek. Ilaran atzean du Yasmina. 40 urte ditu eta duela 10 iritsi zen Kolonbiatik Kataluniara. “Auzoak bizikidetzarako egiten duen lana kontutan hartuta, atzerritik iritsi garenek zor diogu gaurkoan botoa ematea, penagarria baita herri honi bozkatzeko aukera ere lapurtzea”, aipatzen du arro, ilara luzean itxaroteko eragozpenik gabe.

Raval: A-9n aurreiritziak hautsiz

Poble-sec auzotik, CiUren #MarcaBarcelona korapilotsuaren harira azken hilabeteetan maiz aipatu den Paral·lel etorbidea gurutzatuta, Raval auzora iristen gara. Bazkalordua izaki, auzoko eskola guztietan jendearen mugimenduan beherakada nabaritu duten arren, parte hartzearekin harrituta ageri dira Drassaneseko Hizkuntza Eskolako boluntarioak. "Momentu hunkigarriak bizitzen ari gara, Ravalen etorkin ugari daude, eta partaidetza baxuagoa izatea espero genuen. Baina gure aurreikuspen guztiak okerrak zirela ikusi dugu, sekula baina jende gehiago baitator gaur, munduko txoko guztietatik", azaltzen dit erabat hunkituta boluntarioak. Bitartean, Pakistandik datozen bi lagun ari dira bozkatzen, bat-batean mahai guztietako boluntarioak zutik jarri eta txaloka hasi dira. "Egun handia da gaurkoa guretzat ere. Espainiako Gobernuaren kudeaketarekin ez gaude ados, eta Katalunian ere gauzak hobeto egin daitezkeela uste dut. Horregatik, bereziki garrantzitsua da bertakoek bezala, atzerritarrok ere gaur bozkatzea", azpimarratu dute botoa eman ondoren.

Nou Barris

Collserola eta Meridiana artean kokatzen da Nou Barris distritua, 2000 urteaz geroztik, antza, Bartzelonako metropoliar barrutian ijitoen etniarik handiena hartzen duen zonaldea.

Bertako Calderon de la Barca eskolan eguerdiko 13:00eta 1.500 lagun inguruk parte hartu dutela aurreikusi du Xavier Messenguer koordinatzaileak, eta 17:30etan 2.000 lagunen zifra gainditu dutela. "Bartzelonako zonalde honen ezaugarri demografikoak kontutan hartuta, egunean zehar izan den partaidetzaren erdia aurreikusten genuen", eta azpimarragarriena, bere hitzetan, "adineko jendeak egun osoan zehar erakutsi duen ilusoa izan da".

Eixample

Partaidetza murriztu den arren jende berria bozkatzen ari da eskolak isteko ordubete falta denean

Goizean zehar, euriak ez du Eixampleko jendea eteterik izan, eta Escola de la Concepció-ko boluntarioek lana izan dute ilara osatzen zuten milaka pertsonak behar bezala antolatzeko.

Arratsaldeko18:30ak inguruan giroa lasaitu den arren, jende berria iristen zen oraindik. Bertako koordinatzailearen arabera, 18:00ak bitartean 3.500 eta 4.000 lagun inguruk bozkatu dute, horien artean Núria Guispert-ek eta David Fernandez-ek.

Parte hartu duten guztiek -boluntarioek zein bozkatzera joan direnek- azaldu duten esker ona, batetik, eta gainontzeko eskoletan bezala, adinekoen eta mugikortasun arazoak zituzten biztanleen partaidetza altua bertzetik, azpimarratu ditu Eixampleko Escola de la Concepció-ko koordinatzaileak ere.

A-9ren azken minutuak Gracian

Goizeko bederatzietan ireki badituzte eskoletako ateak, jendeak azken momentura arte jarraitu du parte hartzen. Eskola guztietako koordinatzaileek azpimarratu duten bezala, goizean egon da, zalantzarik gabe, mugimendurik handiena, baina, asteburua Bartzelonatik kanpo pasa duen jende dezentek, adibidez, azken minutuak erabili ditu. Remeiren kasua da horietako bat, 56 urte ditu eta herrian pasa omen du asteburua, hortaz, arratsaldeko 19:30etan iritsi da Graziako La Violant eskolara, larri-larri, bere botoa ematera.

Graziako ikastetxe honetako antolatzaileak, Pau Casals ikastetxekoak bezalaxe, pozik ageri dira, eskolak itxi aurretik, eguna eragozpenik gabe pasa dutelako, parte hartze datuak ezagutzen zituzten bitartean. Egun luzea izan da, baina jendearen nekearen gainetik egon da minuturo, A9a bereizgarritu duen zoriontasuna.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.