Katalunia

Bartzelonako kanpaldi unibertsitarioa desegin du udaltzaingoak

Bi lagun atxilotu dituzte, eta tentsio uneak izan dira udaltzaingoen eta manifestarien artean. Buruzagi kataluniarren aurkako zigor epaia salatzeko egin dute kanpaldia, Bartzelonako Unibertsitate plazan.

jarraia174008.jpg
2019ko azaroaren 20a
10:21
Entzun

Hogei eguneko protesta kanpaldia desegin du Bartzelonako Udaltzaingoak, bart gauean. 01:00 aldera, hainbat furgoneta bidali ditu Bartzelonako Unibertsitate plazara, eta poliziek kanpaldia desegitera behartu dituzte manifestariak. Tentsio uneak izan dira, eta udaltzainak ikasleen kontra oldartu dira, hainbat alditan. Bi lagun atxilotu dituzte.

Unibertsitate plazara iritsi direnean, udaltzainak kanpaldia desmuntatzen hasi dira, eta manifestari batzuk kexatu egin zaizkie, beren gauzak biltzen ez uzteagatik. Hainbat ikaslek uko egin diote kanpaldia uzteari, eta Polizia oldartu egin da erresistentziarik handieneko guneetan. Udaltzainek kanpaldia uzteari uko egin dioten bi lagun atxilotu dituzte, eta beste zenbait identifikatu. Lau egun lehenago, Mossos d'Esquadrak 117 manifestari identifikatu zituen eta beste bat atxilotu zuen.

Kanpaldiak ia hiru aste iraun du, eta Kataluniako buruzagi independentisten kontrako zigor epaia salatzea izan du helburu. Ikasleek batzarrera deitu dute 19:00etarako Unibertsitate plazan bertan.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.