Basamortuan protestan ari diren sahararren egoeraz ohartarazi du Polisarioak

Zazpi mila lagunek astebete daramate hainbat hiriren kanpoaldean euren egoera salatzeko

Kristina Berasain Tristan.
2010eko urriaren 19a
00:00
Entzun
Mendebaldeko Saharako hainbat hiriren kanpoaldean kanpaleku inprobisatuak eraiki dituzte sahararrek euren egoera salatzeko. Jada astebete daramate basamortuan, eta, dagoeneko, uraren eta elikagaien faltan dira. Marokok ezarri dituen trabak direla-eta «giza hondamendia» gerta daitekeela ohartarazi du Fronte Polisarioak. Ahmed Bujari NBE Nazio Batuen Erakundeko enbaxadoreak berak eskutitz bat igorri dio Segurtasun Kontseiluari. Premiazko neurriak hartu ezean «basamortuan dauden milaka lagunen bizia» arriskuan dela ohartarazi du Bujarik. Marokori, bien bitartean, kanpaleku txikiak erretzea eta sahararrak indarrez sakabanatzea leporatu dio. Fronte Polisarioko iturrien arabera, dozenaka lagun atxilotu dituzte, eta beste 70 zauritu.

Aaiun, Smara, Bojador eta Dakhla hirien kanpoaldean elkartu dira sahararrak, jaioterrian baztertuta eta jazarriak daudela salatzeko. Polisarioko iturrien arabera, 7.000 eta 10.000 saharar artean elkartu dira jada basamortuan. Familia osoak daude, haima eta guzti, eta hiriburutik hemezortzi kilometrora zutitutako kanpalekua da handiena; 6.000 lagun daude han.

Mohamed Abdelaziz SEAD Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoko presidenteak ere neurriak hartzeko eskatu dio NBEri. «Baldintza ankerretan» bizi den herri sahararraren ekimen baketsua da protesta, harenhitzetan, 35 urteko okupazioaren ostean «onartezina delako giza eskubideak etengabe urratzea, baliabide naturalak kentzea, kolonoak ezartzea eta jazarpena indartzea». Neurririk hartu ezean, tentsioa areagotu egingo dela eta, horrek, ondorio larriak izango dituela ohartarazi du Abdelazizek.

Christopher Ross NBEko Mendebaldeko Sahararako ordezkariari mezua helarazi nahi izan dio hitz horien bidez presidenteak. Ross atzo bertan iritsi zen ingurura, etenda dauden negoziazioak sustatze aldera. Egungo statu quo-ari denbora luzez eustea ezinezkoa dela adierazi du diplomazialariak, eta, bide batez, konponbiderako borondate politikoa eskatu die aldeei. Marokora eta Aljeriako kanpalekuetara egiten duen laugarren bidaia da dagoeneko, eta orain artean ez da gai izan hiru urtez etenda daramatzaten elkarrizketak bideratzeko. Manhasseten zuzeneko lau bilera egin zituzten alde bateko eta besteko ordezkariek, eta aurki bosgarren hartu-eman bat izatea aurreikusten da, horretarako eguna zehaztuta ez dagoen arren. Vienan eta New Yorken beste bi elkarrizketa informal izan dituzte azken hilabeteotan, baina horietan ere ez dituzte jarrerak gerturatu.

Mohamed Salem Ould Salik Atzerriministroak esan du sahararren autodeterminazio eskubidea ez duela atzera bueltarik «ordaindu beharreko prezioa dena delakoa izanda ere».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.