Siriako Armada Askeak base militar bati eraso eta hura okupatu du Alepotik gertu; Abu Feras Iraultza Kontseiluaren bozeramaileak atzo jakinarazi zuenez, irismen ertaineko misilak zeuden bertan. Erasoan, gutxienez hiru soldadu hil eta bost preso hartu dituztela jakinarazi du.
Siriako hegoaldean ere, Daraa eskualdean, egin diote eraso postu militar bati; Fahd al Masri Siriako Armada Askearen bozeramaileak esan duenez, gutxienez, Baxar al-Assaden erregimenaren aldeko hamalau soldadu eta oposizioko sei hil dira.
Herenegun, berriz, Damaskoko auzitegi militarraren egoitza nagusian leherketa handia gertatu zen; auzitegi horrek al-Assaden aurkako ekintzaile ugari epaitu eta zigortu izan ditu.
Protestetatik ihesi joandakoak ere geroz eta gehiago dira: UNHCR Iheslarientzako Nazio Batuen Goi Mandatariak aitortu berri du ez daukala nahikoa baliabide Siria barruko errefuxiatu guztiengana heltzeko; denera, milioi bat pertsonak baino gehiagok utzi behar izan dute bizilekua erasoengatik.
Turkiarekiko harremana
Ankarak ere tankez josi du Siriako muga; atzo, mugatik gertu zebilen helikoptero siriar bati atzera eginarazi zion Turkiako armadak. Giroa ez gaiztotzeko eta «lasaitasun mezua» emateko, bilera egingo du gaur Alemaniako Atzerri ministroak Turkiakoarekin; «NATOko kide den Turkiari babes osoa» ere adierazi nahi dio.
Bestalde, Errusiak ukatu egin du Turkiak asteazkenean geldiarazitako hegazkinak al-Assadentzako armak zeramatzanik; «legezko materiala» zeramala esan du Sergei Lavrov Atzerri ministroak.
Base militar bati eraso dio Siriako oposizioak
Alepotik gertu izan da erasoa; irismen ertaineko misilak topatu dituzte gune horretan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu