Irak

Basorako biztanleen egoeraren larritasunaz ohartarazi dute Nazio Batuek

Borroken ondorioz harrapatuta dagoen jendea bi egunetan urik gabe gera daiteke. Bestalde, Irakeko gobernuak apirilaren 8ra arte luzatu die milizianoei armak uzteko epea.

2008ko martxoaren 28a
15:11
Entzun
Pasa den astelehenean hasi ziren Irakeko Gobernuko indar armatuen eta milizia xiita matxinoen arteko borrokak Basoran. Orduz geroztik jende asko geratu da hiritik ezin alde eginda, eta gaur Nazio Batuek ohartarazi dutenez, bi egunetarako ura geratzen zaie soilik: “Indarkeria gertaera horrek bat-batean harrapatu zuen jendea, eta ezin izan dute ur eta janaririk gorde”, adierazi du Jean-Philippe Chauzy Migrazioen Nazioarteko Erakundeko (MNE) bozeramaileak. Hori gertatuko balitz, beherakoen eta beste gaixotasunen areagotzea iragarri dute, batez ere umeen artean.

Horrez gain, indarkeriaren ondorioz MNEk eten egin ditu lekuz aldatu behar izan dutenentzako laguntzak. Unicefek Basorako biztanleentzako elikagai nahikoa duela azaldu du, baina hura banatzeko “bermeak” eskatu ditu, orain “ezinezkoa” delako. Gurutzeko Gorriak ere banaketa arazoak azpimarratu ditu.

Chauzyk adierazi duenez, lekuz aldatu diren familien %75ek ez dute gobernuaren janari arraziorik, %20ek ezin du ur edangarririk lortu, eta %30ek ezin du mediku laguntzarik jaso.

Bagdageko egoera ere oso larria dela ohartarazi du Gurutze Gorriak gaur: “Erietxe batzuetan janariak amaitu dira, argindarra falta da, eta langileek ezin dute lantokira joan, beraz, ebakuntzak egiteko eta gaixoak hartatzeko jendea falta da”.

Armak uzteko epea luzatu dute

Bestalde, Nuri al Maliki Irakeko Gobernuko lehen ministroak apirilaren 8ra arte luzatu die armak uzteko epea Basorako milizianoei. Pasa den asteazkenean 72 orduko epean armak uzteko eskatu zien miliziano xiitei, baina gaur epe hori luzatzeko erabakia hartu du.

Gainera, armak uzten dituzten milizianei trukean ordain ekonomikoa eskainiko diela iragarri du Al Malikik: “Gobernuaren nahia da, arma ertain eta astunak dituztenek, segurtasun indarrei ematea, horregatik, martxoaren 28a beharrean apirilaren 8a izango da azken eguna”.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.