Aspaldi ez zen erabaki politiko bat palestinarrentzat eta Israelentzat aldi berean garaipentzat hartzen. Gilad Shalit soldaduaren truke mila preso palestinar baino gehiago askatzeko erabakia harresiaren bi aldeetan txalotu da, baita blokeo pean dagoen Gazan ere. Hamasek «Palestinar guztien garaipen» gisa definitu du akordioa. Netanyahuk, berriz, erabakiaren ostean Israelgo gizartea indartsuagoa dela nabarmendu du. Hiritarren artean poza eta ardura nabarmen dira.
Jerusalemen, Netanyahu lehen ministroaren egoitzaren aurrean, ehunka hiritar eta kazetari bildu ziren atzo. Bertan, gobernuari presioa egiteko Shaliten aldeko kanpalekua ezarri zuten zenbait ekintzailek duela hiru urte, eta Shalit familiak ekimenarekin bat egin zuen iragan urtean. Kanpalekua ezarri zuen lehen bolondresa izan zen Mihal Ido: «Gaur sukot edo tabernakulu jaia hasten da juduontzat eta albiste hau, jaso genezakeen oparirik onena izan da. Orain, kanpalekua bertan behera uzteko garaia da».
Shalit familiak, kanpalekua bisitatu zuen atzo, eta bolondresei eskerrak eman zizkien. Bertan batu zirenen artean, ordea, ez zegoen akordioa baldintzatu duen testuinguru politikoaren inguruan hitz egiteko gogorik. «Utz dezagun politika politikarientzat, gaur ospakizunerako eguna baita», adierazi zuen Nadiv Duitch soldadu israeldarrak. Duitch, bolondres bezala aritu da azken hiru urteotan kanpalekuan. «Armada oso garrantzitsua da Israelgo gizartearentzat, eta gaur denak gara Shalit».
Iritzi berekoa da Davidi Winograd, eta joko politikoa ulertu beharra dela dio: «Oso erabaki zaila izan da, eta egia da sentimendu kontraesankorrak ditugula. Terrorista gehiegi aske geratuko dira, baina guretzat hiritar bakoitza mundu osoa bezalakoa da».
Asko, arduratuta
Netanyahuren gobernuaren eta Hamasen arteko akordioa bat dator Israelgo kartzeletan dauden palestinako preso politikoek hasi duten gose grebarekin. Presoen senideek ere hiri ezberdinetan kanpalekuak antolatu dituzte, seme-alabei babesa erakusteko. Asteartean, albistea iragarri ostean, senideek ezin zuten irribarrea ezkutatu. «Pozteko modukoa da, baina oraindik ez dute aske geratuko direnen zerrenda argitaratu», adierazi du Belengo Gurutze Gorriaren aurrean kanpatuta dagoen Um Abd-ek. Bere semea, Hassan, gose greban dago iragan astetik. «1.000tik gora preso aske utziko ditu Israelek, baina zer gertatuko da gainontzeko beste 5.000kin. Beraien egoera hobetuko al du gobernuak?».
Greba eguna izan zen atzo Palestinan, Israelen espetxe politika kritikatu eta greban dauden gatibuak babesteko. Presoak trukatzeko akordioak, baina, protestarako eguna itzaldu zuen. «Presoek kartzeletan sufritzen duten egoera isilduko da berriz ere, inork ez baitu gatibu jarraituko dutenengan arreta jarriko», nabarmendu du anaia gose greban duen Hamoudik.
Momentuz, greban dauden 400 lagunek bere horretan jarraituko dutela iragarri dute. «Ez dakigu zer gertatuko den aske geratuko direnekin, baina herena baino gehiago Palestinatik erbesteratuko dituztela iragarri digute», adierazi du Um Abdk. «1000 preso askatzea lortu dute, soldadu baten truke. Pozik gaude, baina ekuazioak arduratzen gaitu».
Bat, milaren truke
Israeldarrak eta palestinarrak kalera atera dira presoak trukatzeko akordioa ospatzeko, baina joko politikoa dela irizten diote gehienek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu