Batasun gobernua Abbasek gidatzea hitzartu dute Al-Fatahek eta Hamasek

Aurtengo maiatzean bozak antolatzeaz gain, palestinarren arteko adiskidetzea bideratu beharko du

Xabin Makazaga.
2012ko otsailaren 7a
00:00
Entzun
Palestinarren arteko adiskidetzea bideratzeko, urrats garrantzitsua egin dute Al-Fatahek eta Hamasek Dohan (Qatar). Aurtengo maiatzean hauteskundeak egin ahal izateko, batasun nazionaleko gobernu bat eratu eta behin-behineko exekutibo hori Mahmud Abbasek gidatzea hitzartu zuten atzo. Hamaseko buru Jaled Meshal eta Mahmud Abbas Palestinako Aginte Nazionaleko presidentea izan dira hitzarmenaren sinatzaileak.

Akordioa ez dutela «sinatze hutsagatik» egin nabarmendu du Abbasek: «Hauteskundeei eta adiskidetzeari dagokien guztia aurrera eramateko asmoa dugu». Bera izango da PANeko presidente eta gobernuko lehen ministro bozak egin artean. Meshalek ere azpimarratu du «serioa» dela bi aldeen asmoa, «zauriak itxi, zatiketa amaitu, adiskidetzea ezarri eta palestinarren batasuna indartzeko». Batasun nazionaleko gobernu berria teknokrata independenteekin osatuko dute.

Maiatzaren 4an —epeak betetzen badituzte— Gazan eta Zisjordanian Presidentetzarako eta legebiltzarrerako hauteskundeak antolatzeaz gain, palestinarren agintaritzaren zilegitasuna ere konponbidean jarri beharko luke behin-behineko gobernuak. Izan ere, Hamasek irabazi zituen 2006. urtean legebiltzarrerako bozak, baina nazioarteak boikota egin zien emaitza horiei, eta islamiarren eta Al-Fatah mugimenduaren arteko harremanak erabat gaiztotu ziren. Urtebete lehenago Abbasek irabazi zituen Presidentetzarako hauteskundeak, baina Hamasek uko egin zion parte hartzeari. Ezinikusia 2007ko ekainean lehertu zen, Hamasek Gazaren kontrola bere gain hartu zuelarik, indarrez. Ordutik, Al-Fatah buru duela, PANen gobernuak agindu du Zisjordanian, eta Hamasenak Gazan.

PANeko egungo lehen ministro Salam Fajadek txalotu egin du atzoko akordioa, eta abian jartzeko eskatu du: «Beharrizan nazionala da Palestinako Estatu independentea ezartzea, Jerusalem hiriburu duela, 1967ko mugekin».

Israelen ustez, aldaketarik ez

Palestinarrek batasun nazionaleko gobernua eratzea hitzartu izanak ez duela ezer aldatuko uste du Israelek: «Palestinarrei aldaketarik ez die eskainiko, ezpada Abbasek kargu gehiago hartzea bere gain, aldi berean presidente eta lehen ministro izango baita». Behin-behineko gobernua Hamasekin «adeitsua» dela deitoratu du, halaber, Atzerri Ministerioko eledun Igar Palmorrek: «Berri tristea da, Hamas baita bakearen bidean oztopo nagusia». Batasuneko gobernua babestuta Abbasek «Israelekiko elkarrizketak amaitzea» erabaki duela esan du Palmorrek. Urtarrilaren 26a arteko epea eman zien Laukoteak israeldarrei eta palestinarrei euren proposamenak idatziz aurkezteko, eta Abbasek elkarrizketak uztea erabaki zuen, Israelek bi estatuen mugei buruz proposamenik egin ez eta legez kanpo koloniak eraikitzen segitu duelako.

Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak, berriz, aspaldiko leloa berretsi du: «Abbasek aukeratu egin behar du. Bakea Hamasekin, edo bakea Israelekin. Biak batera ezinezkoa da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.