Batasun nazionaleko gobernua eratu du Greziak, «eurogunean segitzeko»

Georgios Papandreu lehen ministroak dimisioa eman du, baina ez du argitu nork gidatuko duen gobernu berriaSozialistek eta kontserbadoreek gaur egingo dute bilera gobernuburua aukeratzeko

Jon Fernandez.
2011ko azaroaren 10a
00:00
Entzun
Hiru egun luze behar izan dituzte Grezian batasun nazionaleko gobernua adosteko. Hala ere, oraindik ez dute aukeratu nork gidatuko duen gobernu berria. «Gaur alde batera laga ditugu gure desadostasunak, eta hainbat indar politikok osatutako gobernu batek helduko dio botereari», adierazi du Georgios Papandreu jarduneko lehen ministroak telebista bidez egindako hitzaldian. «Datozen hilabeteetan Greziako herriari eurogunean segitzea bermatzeaz gain, urriaren 26an eta 27an adostutakoa betetzeko batu dira indar politikoak». Papandreuren Pasok alderdi sozialistak eta ND Demokrazia Berria oposizioko alderdi nagusiak hitzartutako gobernuaren berri eman ostean, bere eta gobernu osoaren dimisioa eman zion atzo Papandreuk Karolos Papulias Greziako presidenteari.

Dimisioaren ostean, hain justu, Papuliasekin bildu ziren Papandreu, Antonis Samaras NDko burua eta Georgios Karatzaferis Laos eskuin muturreko alderdiko burua, lehen ministroa zein izango den adosteko. Alabaina, alderdien arteko desadostasunak nagusitu ziren berriro, eta bilera gaur goizera arte atzeratzea erabaki zuten. Karatzaferisek bi alderdi nagusien «taktika jokoak» salatu ditu, eta KKE alderdi komunista eta Syriza ezkerreko koalizioa ez ziren bilerara joan ere egin.

Negoziazio korapilatsuak

Ezustekorik ezean, bi alderdi nagusiek presidentearekin gaur goizean egingo duten bileran erabakiko dute Greziako lehen ministro berriaren izena. Agur hitzaldian lehen ministro berria «aukera instituzionala» izango dela esan du Papandreuk, eta ezaugarri hori ondoen betetzen duen hautagaia Filipos Petsalnikos Greziako Parlamentuko egungo presidentea dela zabaldu dute Greziako komunikabideek. Nolanahi ere, bost dira gehien errepikatzen diren izenak, eta aukera guztiak zabalik daude.

Hasiera batean, astearte gauera arte, Lukas Papademos Europako Banku Zentraleko presidenteorde ohia izan zen lehen ministro kargua hartzeko hautagai nagusia. Herrialdearen hondamen ekonomikoaren tamaina ikusirik, profil ekonomikoa duen hautagaiaren alde egin zuten, baina Papademosen eskakizunek ezezkoa jaso zuten bi alderdien aldetik. Datorren otsailaren 19rako aurreikusitako hauteskundeak bertan behera lagatzeko eskatu zuen, bere gobernuak egoerari buelta emateko denbora gehiago izateko; gainera, hurbileko jendea hautatu nahi zuen ministroen karguetarako, bi alderdiek proposatutakoei muzin eginez.

Atzo, berriz, bost izen berri nabarmendu zituzten Greziako hedabideek lehen ministro kargurako: Filipos Petsalnikos, Vasilios Sakuris Europako Justizia Auzitegiko presidentea, Nikoforos Diamanduros Europako arartekoa, Panagiotis Rumelioitis NDF Nazioarteko Diru Funtseko Greziako ordezkaria eta Ioannis Kukiadis Pasokeko europarlamentari eta ministro ohia.

Bi alderdietako buruek astelehenean bertan itxi nahi zuten gobernu berria, baina Pasoken barruan sortutako desadostasunek eta, batez ere, NDren zenbait kidek Samarasi egindako presioek zaildu eta atzeratu dute hiru egunez akordioa. NDko baroiek behin eta berriz eskatu diote Samarasi ez sartzeko neurri inpopularrak hartu beharko dituen gobernu batean.

Batasun nazionaleko gobernuaren osaketa ere ez dute ondo hartu NDko alderdikideek, eta Samarasen kontrako ahots ugari hedatu dira kontserbadoreen artean. Negoziazioetan gehiegi amore eman izana leporatu diote, batez ere Europako Batasunaren eta NDFren erreformak onartzeagatik. NDko kide askoren ustez, kontrako eragina du murrizketa planak, orain arte murrizketek Greziaren egoera gaiztotu baino ez dutelako egin.

Presioak presio, lehen ministro berria izendatzeko ez dela oztopo bihurtuko berretsi du Samarasek, erantzukizuna sozialisten gainean utziz. «Askok horixe nahi lukete, baina ND ez da arazoaren parte izango. Konstituzioan jarrita daukagu arreta guk».

Bide nekeza egiteko

Edozein delarik ere lehen ministroa, gobernu berriak bide nekeza izango du, eta datozen hilabeteetan hartuko dituen erabakiek herrialdearen geroa baldintzatuko dute, gutxienez hamarkada batez. Erronka handiak ditu Atenasek aurrez aurre. Lehenik eta behin, 2010ean jasotako nazioarteko maileguaren seigarren zatia jasoko duela bermatu behar du; bigarrenik, ahalik azkarren itxi behar du Bruselarekin eta NDFrekin bigarren erreskatearen gaineko negoziazioa. Erreskate berriak zorraren erdia barkatuko dio Greziari, eta 130.000 milioi euro emango dizkio. Une honetan, Atenasek ezinbestekoa du eurogunearen diru laguntza jasotzea fakturak ordaintzen jarraitu, kiebra saihestu eta beharrezkoak dituen sakoneko erreformei ekiteko.

Herritarrak matxinadaren atarian edukita, kalean nekez onartuko dituzte horrelako neurriak. Horregatik, Papandreuk nabarmendu du bigarren erreskatea jasoz gero herrialdearen zorra jaitsi egingo dela, eta horrek, aldi berean, herrialdeak ordaintzen dituen interesak ere jaitsiko dituela. Guzti horrek «Greziako herriaren zama arinduko du», jarduneko lehen ministroaren arabera. Azken hilabeteotan herritarrek izandako jarrera ere txalotu du Papandreuk agurreko hitzaldian: «Benetan eskertzen diot Greziako herriari egoera zail honetan erakutsi duen erresistentzia, jarrera horrek denbora irabazi eta gure kideak konbentzitzeko balio izan baitu». Baina herritarrei ez bakarrik, euroguneko kideei ere keinu egin die Papandreuk, Greziak bere «erantzukizuna» zein den ondo dakiela esanez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.