Bashar al Assadek 2000. urteko uztailaren 17an eskuratu zuen Siriako presidentetza, haren aita Hafez hil zenean. 11 urteotan sendo iraun du boterean, bai barrenera, bai atzerrira begira. Gaurko urteurrena lasai ospatzeko aukera, ordea, nekez izanen du, erregimenaren aurkariek martxoaz geroztik eginiko protesta handienak egin baitzituzten herenegun herrialde osoan. Oposizioko hainbat talderen ustez, liskar larriak sortu ziren, eta horietan hildakoak 32 direla jakinarazi dute. Hain zuzen, oposizioko 350 ordezkari elkartu ziren atzo Istanbulen (Turkia) Salbazio Nazionalerako Konferentzia deiturikoan. Oposizioko eragile horien helburua da kontseilu nazional bat eratzea erregimenaren aurkako taldeak biltzeko.
Sentsibilitate anitzekoa da Siriako oposizioa, aurrerakoi sekularretatik hasi eta islamistetaraino. Talde horiek erreferentzia argi baten hutsunea ikusi dute, eta, egitura hori sortzeaz gain, estrategia bateratu bat eratu nahi dute Al Assad boteretik eraisteko. Buruzagietako batek, Uael al Hafezek jakinarazi du desobedientzia zibilerako kanpaina baterako deia eginen dutela. «Borroka baketsua indartu nahi dugu desobedientzia zibilarekin, erregimena ekonomikoki itoz, eta estatua geldiaraziz ahal den kalte gutxiena eginda». Damaskon ere egitekoa zuten Istanbulen gisako konferentzia bat, baina estatuko indarrek geldiarazi zuten.
Izan ere, lehendik ere aski beroa zen egoera gori paratu denean etorri da konferentzia hori egiteko ahalegina. Bezperako protestak 350 hiri eta herrietan egin zirela adierazi du Sham taldeak, eta, dioenez, milioi bat herritarrek baino gehiagok parte hartu zuten. Dena den, Sirian gertatzen ari denari buruzko informazioa iluna da oraindik, erregimenak ez dielako uzten atzerriko kazetariei herrialdean sartzen. Informazio iturri nagusiak Sana agentzia ofiziala, oposizioko taldeak eta Turkiako errefuxiatuak dira.
Lanuztea Idlib eskualdean
Iheslari horietako gehienak mugako Idlib eskualdekoak dira, ipar-mendebaldean. Armadak erasoaldia hasi zuen han iragan ekainaren hasieran, «talde armatuak» zeudelakoan. Herri Koordinaziorako Batzordeek jakinarazi dutenez, lan etenaldi orokorra deitu dute eskualde osoan, «gazteen atxiloketa bortitzen, torturaren eta espetxeetan presoek jasaten duten tratuaren aurka».
Atzoko gertakari larrienak, berriz, ekialdeko Albu Kamal hirian gertatu zirela dio oposizioak. Bashar al Assaden aurkako Siriar Iraultza taldearen arabera erregimeneko indarrek manifestariak tirokatu zituzten, horietako lau hilez, tartean sei hilabeteko haur bat. Talde horrek dio armadako hiru tanke eta lau ibilgailu plaza erdian jarri zirela manifestariak babesteko asmoz.
Erregimenak protestak geldiarazi ezin dituela ikusita, anitz dira Al Assaden agintea amaitzear dela erran dutenak. Hala ere, erregimenak oraingoz sendotasuna erakutsi du, eta haren aldekoek karrikak bete dituzte behin baino gehiagotan. Sana agentziaren arabera, herenegun bertan. Matxinadari eusteko gaitasun horregatik agerikoa dirudi erregimenaren sostengua gutxiengo alauiarena (herritarren %15 inguru) baino zabalagoa dela.
Protestak herrialde arabiarretan
Batasunaren beharrizana
Siriako oposizioko 350 ordezkari Istanbulen elkartu dira Al Assaden erregimenaren aurkako egitura bateratu bat sortzekoOposizioaren ustez, herenegungo protestak martxoaz geroztik eginiko handienak dira
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu