Bihar mende erdia beteko da 1957ko martxoaren 25ean sei herrialdek -Alemaniako Errepublika Federalak, Belgikak, Frantziak, Herbehereek, Italiak eta Luxenburgok- Erromako Ituna sinatu zutenetik. Egungo Europako Batasunaren oinarria izan zen hitzarmen hura. Hasierako itunaren helburua hirugarren mundu gerra saihestea bazen ere, erakunde handiago bati ireki zizkion ateak. Orain, ia 50 urte geroago, une erabakigarrian da EB. Horiek hala, Europak bat eginda jarraitzearen garrantzia nabarmendu du Bruselak bihar kaleratuko duen deklarazioaren zirriborroan.
Aniztasunean batasuna da EBren leloa. Herrialde bakoitzak bere ezaugarriak mantenduz politika komunak bultzatzea haren helburua. Baina aniztasunak arazoak ere eragiten ditu. Egun indarrean dagoen Nizako Itunak gehienez 27 kideko erakundea aurreikusten du. Brusela, ordea, beste hiru herrialderekin negoziatzen ari da Batasunean sar daitezen, eta ez du baztertzen handitzen jarraitzea. Horrek esan nahi du instituzioak berritu egin behar direla, eta Konstituzioa beharrezkoa duela. Batasuneko estatu guztiek, ordea, ez dute berdin ikusten testua. Frantziak eta Herbehereek, esaterako, ezezko borobila esan zioten duela bi urte testuari. Hori, baina, ez da izan Batasunak izan duen krisi bakarra. Ondorioz, Berlingo Deklarazioak gogorarazten die estatu kideei batasunak bakea eta ongizatea bermatu diela: «Europaren bat egiteak bakea eta ongizatea ekarri digu, gure komunitatea sortu du eta gure kontraesanak gainditu ditu».
Bi urte eskas dituzte 27 herrialdeek Konstituzioa onartu, Europako Legebiltzarrerako hauteskundeak egin eta instituzioak eraberritzeko. Italiako lehen ministro Romano Prodik jada ohartarazi du Konstituziorik gabe Europako Batasuna hil egingo dela. Deklarazioak, berriz, nabarmentzen du EBk garai berriekin bat egin behar duela: «Europaren batasunarekin egia bilakatu da aurreko belaunaldien ametsa. Gure historiak eskatzen digu zorion hori datozen belaunaldiei bermatzeko. Horretarako, Europaren egitura politikoa gizartearen bilakaerara moldatu behar dugu».
Frantzia Alemaniarekin batera EBren oinarrietako bat izanik, haren ezetzak iskanbila handia eragin zuen Bruselan. Valery Giscard d'Estaing Europako Konstituzioaren diseinatzaileetako baten iritziz, Bruselari testua aldatzeko eskatu beharrean, hura onartzeko bideren bat aurkitu behar du Parisek: «Konstituzioa onartu duten herrialdeek ez dute atzera egin nahiko».
IRTENBIDEAREN BILA. Europako Eskualdeen Batzordeak elkartasuna adierazi dio Bruselari, eta hitzeman du Europako herrien arteko batasun handiagoa lortzeko egingo dutela lan: «Europako buruzagiak babesteko prest gaude, itunak erreformatu eta Konstituzioaren prozesua lehenbailehen amaitu dadin». Bide horretan, urrunago joan da Europako Batzordeko presidente ohi Romano Prodi, eta adierazi du proposamenak aho batez onartzeko araua indargabetu behar dela Konstituzioak aurrera egingo badu. «Ez da aurrerapausorik egingo herrialdeen barne politikarekin lotutako arrazoiengatik blokeatutako Europan». Hala ere, itxaropentsu agertu da Prodi, esanez EBren urteurreneko ospakizunek erakundea indarberrituko dutela. «Konstituzioari emandako ezetzaren ondoren, berriz hasi behar dugu burua gora dugula, lehen baino ausardia handiagoarekin eta murrizketarik egin gabe».
Europako Batzordeko egungo presidente Jose Manuel Durao Barroso ere bat etorri da Prodirekin; Frantziaren eta Herbehereen ezetzak kolpe gogorrak izan zirela esan du. Horiek hala, herritarrek konfiantza berreskuratzeko erabaki politikoak hartu beharra aldarrikatu du. Italiako Atzerri ministro Massimo D'Alemak, berriz, azaldu du EB sendoagoa, demokratikoagoa eta erabakitzeko gai diren instituzioekin eraiki behar dela, gizartearen etorkizuna bermatzeko. «Instituzio sendo eta demokratikorik gabeko Europak blokeatuta geratzeko arriskua du».
Horiek ez dira, ordea, etorkizuneko EBren kezka bakarrak. «Energiaren inguruko politika bultzatu eta ingurumena babestu nahi ditugu elkarrekin, gure esku dagoena eginez klima aldaketa gelditzeko», dio Berlingo Deklarazioak. Horretaz gain, baina, «terrorismoaren kontrako borroka» eta xenofobia amaitzeko asmoa ere aipatzen ditu testuak. Horren aurrean, armada sortzeko aukera ez du baztertu EBko txandakako presidenteak.
Horien oso bestelako jarrera agertu du Europako Legebiltzarrean ordezkaritza duen Nortasuna, Tradizioa eta Subiranotasuna eskuin muturreko alderdiak. Taldeko buru Bruno Gollnischek iragarri du boikotatu egingo dituztela asteburu honetarako aurreikusita dauden ekitaldiak.
«Bruselari Konstituzioa aldatzeko eskatu beharrean, hura onartzeko bideren bat aurkitu behar du Parisek»
Valery Giscard D'Estaing
Konstituzioaren diseinatzaileetako bat
«Berriz hasi behar dugu, lehen baino ausardia handiagoarekin eta murrizketarik egin gabe»
romano prodi
Italiako lehen ministroa
Batasunaren garrantzia nabarmendu du EBk 50. urteurrenaren atarian
Konstituzioa onartu ezean Europako Batasunak porrot egingo duela ohartarazi dute agintariek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu