Mexiko

Batasunerako deia egin du Calderonek; Gobernu paraleloa iragarri du Lopez Obradorrek

Mexikoko Botere Judizialaren Hauteskunde Epaitegiko zazpi kideek ontzat eman zituzten atzo uztailaren 2an presidentea aukeratzeko egin ziren bozak, eta, halaber, Felipe Calderon hautagai kontserbadorea aldarrikatu zuten garaile. Hauteskunde prozesu iskanbilatsuaren ondoren, batasunerako deia egin du Calderonek. Andres Manuel Lopez Obrador zentro-ezkerreko hautagaiak, berriz, iruzurra salatzen jarraitzen du, ez du Calderonen garaipena onartu, eta Gobernu paraleloa osatuko duela iragarri du.

2006ko irailaren 6a
13:41
Entzun
Felipe Calderon PAN kontserbadorearen hautagai eta presidente izendatuak pozarren egin du jendaurreko lehen agerraldia. Mezu argi bat helarazi nahi izan du: orain arte hauteskunde prozesuan izan diren liskarrak atzera uzteko eta batasunerako deia egin du. Mexikok une honetan batasuna behar duela azpimarratu du, "egiazko etsaiei, pobreziari, krimenari eta langabeziari" aurre egiteko.

Gauzak asko okertzen ez badira, abenduaren 1ean hartuko du Calderonek presidente kargua, sei urterako.

Andres Manuel Lopez Obradorzentro-ezkerreko PRDko hautagaiak, ordea, ez du Calderonen garaipena onartu. Hauteskunde Epaitegiaren arabera, %1ekoa baino alde txikiagoa kendu dio PANeko hautagaiak, baina hasiera-hasieratik irabazle bera dela eta "iruzur handia" egin dela salatu du Lopez Obradorrek.

Uztailaren hasieran emaitzak lehendabiziko aldiz eman zirenetik atzo Hauteskunde Epaitegiak azken ebazpena eman zuen arte, Lopez Obradorren jarraitzaileek protesta ekitaldi ugari egin dituzte. Horretan jarraitzeko prest daudela agertu du bart PRDko hautagaiak; areago, Gobernu paraleloa osatuko duela iragarri du, eta erresistentziarako deia egin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.