Siriako oposizioari dagokionez, Mendebaldeko hedabideetan SNC Siriako Kontseilu Nazionalak du oihartzun gehien. Hainbat fakziok osatutako blokea da kontseilu hori, eta nagusiki atzerritik jarduten du. Oposizioa SNC baino zabalagoa da, ordea. Bertze bloke handi bat dago: NCC Koordinazio Nazionalerako Batzordea, nagusiki ezkerreko alderdiek osatzen dutena. Bi taldeetako ordezkariek harremana dute elkarrekin, baina ez dira oposizio bateratua egiteko elkartu, bi desadostasun nagusirengatik: atzerriko esku hartzea, eta erregimenarekiko elkarrizketa. Damaskok ezarritako informazioaren gaineko betoagatik, baina, zaila da jakitea matxinadaren jarraitzaileen artean zer nolako pisua duen bloke bakoitzak.
SNC eratzeko lehen ahaleginak maiatzean hasi ziren. Erbesteko hainbat pertsonaia ezagunek Libiako NTC Trantsiziorako Kontseilu Nazionalaren irudiko erakunde bat sortu nahi zuten. Abuztutik hasi zen funtzionatzen, baina desadostasunak zirela medio, formalki joan den hilean eratu zen, Istanbulen (Turkia). SNC osatzen duten talde nagusiak dira Aldaketa Demokratikorako Damaskoko Deklarazioaren hainbat sinatzaile —2005. urtean aldaketa politikoa sustatzeko sortu zen mugimendua—, Anaia Musulmanak alderdi islamista, Herri Koordinaziorako Batzordea—protestak antolatzen dituen erakundeetako bat—, eta Siriako Iraultzaren Batzorde Nagusia—40 alderdiren koalizioa—.
Kurduen hainbat talde ere SNCn daude —Mishaal Tammo urriaren 7an tiroz hildako politikaria, adibidez—, baina herri horretako ordezkariek ez dute posizio komun bat hartu, eta NCCra batu direnak ere badaude.
Mendebaldearekiko lotura
Atzerriko esku hartzeak eztabaida handia sortu du SNCren baitan, eta ez du posizio bakarra argi erakutsi. Hainbat norbanako eta alderdi, Anaia Musulmanak adibidez, Libian bezala NBE Nazio Batuen Erakundeak aire eremuaren debekua ezartzearen alde agertu dira. Burhan Galiun SNCko buruak adierazi du, ordea, ez dutela esku hartzerik nahi, baina «zibilak babesteko» kasko urdinak Sirian sartzea ongi ikusiko luketela.
Mendebaldearen interesen alde jokatzea egotzi dio erregimenak SNCri, baina baita oposizioko NCC taldeko kideek ere. Haitham Manna Giza Eskubideetarako Arabiar Batzordeko kideak «Washingtongo kluba» deitu dio SNCri, eta Kadri Jamil komunistak, berriz, Mendebaldearen esku hartzea bilatzea egotzi die. Horren aurka, Mahmud al Hamza SNCk Errusian duen ordezkariak «iruzurgilea» eta «erregimenarekiko leiala» izatea egotzi dio NCCri, talde hori elkarrizketaren alde agertu delako.
Ahots bakarrik ez
NCCk «hiru ezezko» defendatzen ditu: atzerriko esku hartzeari ez, «sektarismoari» ez, eta indarkeriari ez. Dena den, erakunde horretan pisu handia duen pertsonaia batek, Michel Kilo idazleak, ez luke gaizki ikusiko «zibilak babesteko ikuskatzaile talde bat» sartzea Siriara. Erakunde bakoitzak ahots bakarrarekin hitz egiteko duen zailtasunak argi erakusten du matxinada hasi eta zortzi hilabetera oposizioko indarren batasun eza.
Batasunik gabeko oposizioa
SNC Siriako Kontseilu Nazionalak eta NCC ezkerreko alderdien blokeak desadostasunak dituzte bi gai nagusitan: atzerriko esku hartzea eta elkarrizketa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu