Cesare Battisti ekintzaile ohi eta idazle italiarraren abokatuek helegitea aurkeztu zuten Europako Giza Eskubideen Auzitegian hilaren hasieran. Joan zen urrian Frantziako lehen ministro Jean-Pierre Raffarinek sinatutako estradizio agindua bertan behera uzteko eskatu zuten abokatuek. Italiak bizi osorako kartzela zigorra ezarri zion Battistiri, lau hilketatan parte hartzea leporatuta. Baina akusatua ez zegoen epaitegian epaiketa egin zutenean. Frantzian zegoen orduan. Ondorioz, hura Italiara estraditatzeko eskatu zion Erromak Parisi.
Idazle italiarraren abokatuen arabera, bestalde, Italiako eskuin muturreko talde batek hura bahitzeko asmoa du. Horretaz gain, Battistik epaiketan ezin izan zuela bere burua defendatu eta beste epaiketa bat egin behar dela salatu zuen defentsak. Europako Giza Eskubideen Auzitegiak onartezintzat jo zuen, iaz, Italian ihesean zeudela epaitutakoei beste epaiketa bat ez egitea. Italiako legediaren arabera, ordea, epaiketan akusatua abokatu batek ordezkatzen duen kasuetan ezin da beste epaiketarik egin.
Desagertuta
Frantzian bizi izan zen Battisti 1990az geroztik. Orduan, François Mitterrand Frantziako presidenteak iheslariei eskainitako asiloaz baliatu zen. 2004an, ordea, estradizio eskaera egin zuen Italiak eta espetxean sartu zuten ekintzaile ohia. Martxoan baldintzapean aske utzi zuten. Urte bereko abuztuan, baina, idazle italiarra desagertu egin zen eta Frantziak hura bilatu eta atxilotzeko agindu zuen.
Battistiren abokatuek Europako Giza Eskubideen Auzitegira jo dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu