Bavariako udal hauteskundeetan porrota izan dute sozial-kristauek

Erredakzioa
2008ko martxoaren 4a
00:00
Entzun
Alemaniako Bavariako estatuan hainbat hamarkada daramatzate agintean sozial-kristauek, baina iragan igandean egin ziren udal bozetan porrot handia izan zuten. CSU Batasun Sozial Kristauak berak onartu du «mingarria» izan dela hainbesteko boto galtzea. CDU Batasun Kristau Demokrataren adarraren alderdiak hiri handi askotan alkatetza ere galduko du. Gunter Beckstein Bavariako lehen ministroa da porrota onartu duena: «Harrigarria izan da eta mingarria ere».

Munich eta Nuremberg hirietan alkatetza sozial-demokraten eskutan zegoen, eta orain ere beren esku egongo dira. Ausburgon -estatuko hirugarren hiri handiena da-sozial-kristauek jarraituko dute alkatetzan. Kurt Gribal alkateak botoen %43,6 lortu zituen, eta, beraz, agintean jarraituko du. SPD Alderdi Sozial Demokratak hiri handi askotan alkatetza eskuratzeko aukera izango du. Bigarren itzuli bat egin beharko da -martxoaren 16an egingo da-. Passau, Wurzburg eta Regenburg hirietan orduan erabakiko da alkatetza.

Edmund Stoiber CSUko buruzagitza eta gobernua utzi zuenetik landerrean egiten ziren aurreneko bozak ziren. Iragan irailean utzi zituen bi karguak alderdiko hainbat ahotsek belaunaldi aldaketa aldarrikatzen zuten presioak zirela eta. Stoiber hamasei urtez egon zen agintean. Gunter Beckstein izendatu zuten orduan lehen ministro. Erwin Huber, berriz, alderdiko buruzagi izendatu zuten. Huberren hitzetan, emaitza hauen ondoren, hausnarketa egin beharko dute datorren iraileko estatuko bozen harira.

Orotara bederatzi milioi lagunek zuten bozkatzeko aukera eta parte-hartzea txikia izan da: %50. Bavariako estatua herrialdeko kontserbadoreen artean dago eta baita aberatsen artean ere. Orotara 2.056 udaletan egin dituzte bozak. SPD alderdiak esan duenez emaitzak «hondamendia» izan dira sozial-kristauentzat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.