Siria

Baxar al-Assaden indarrek lau militar turkiar hil eta bederatzi zauritu dituzte

Turkiako Defentsa Ministerioaren arabera, Siriako Gobernuaren indarrek bazekiten eremuan soldadu turkiarrak zeudela. Errusiak, ordea, ukatu egin du.

Turkiari Siriatik irteteko pasabide seguruak eskatzeko manifestazioa, Idliben, atzo. YAHYA NEMAH, EFE
2020ko otsailaren 3a
14:35
Entzun

Turkiako eta Errusiako gobernuek 2018an adostu zuten, Idlib eskualdea erasorik gabeko eremua izango zela. Akordioa, ordea, ez da aldeek nahi bezain loteslea. Gaur bertan, Siriako presidente Baxar al-Assaden indarrek lau militar turkiar hil eta beste bederatzi zauritu dituzte.

Turkiako Defentsa Ministerioak salatu du Siriako Gobernuak jakin bazekiela inguru hartan militar turkiarrak zeudela, eta hala ere bonbardatu egin dituztela. Errusiak, baina, ukatu egin du hori, eta Ankarari egotzi dio ez dutela euren kokagunearen berri eman.

Turkiako presidente Recep Tayyip Erdoganek gaitzetsi egin du erasoa, eta ohartarazi du ez direla «besoak gurutzatuta» geratuko. «Siriako indarren aurka joko dugu, haiek gure kontra jo dutelako. Erasoaren erantzuleek garesti ordainduko dute egindakoa». Ankararen arabera, 30 eta 35 soldadu siriar hil dituzte kontraerasoan.

Azken egunetan, Turkiako indarrak Idlibera gerturatuz joan dira. Siriako indarrek operazio berri bat hasi dute eskualdean, Errusiaren babesarekin. Turkiak gune militar ugari ditu inguru horretan, 2018an Errusiarekin adostutako su-etenarekin bat eginez. Lekukoen arabera, ordea, Siriako indarrak Idlib iparraldetik hegoaldera mugitu ahala, Turkiako armada inguratuz doaz.

Desplazatuak

Hiru milioi pertsona inguru bizi dira Idliben. Nazio Batuen Erakundearen arabera, iazko abenduaren 1az geroztik 390.000 pertsonek utzi dituzte beren etxeak; emakume eta haurrak dira gehienak. Herrialdea uzten dutenetatik askok Turkiara jotzen dute babes bila. Herrialde hark dagoeneko 3,5 milioi iheslariri ematen die aterpea.

Urtarrilaren 12az geroztik su-eten bat indarrean dagoen arren, Siriako armadak jarraitzen du haien arabera «terroristak» diren milizien aurka egiten, eta ondorioz, iheslari kopuruak igotzen jarraitzen du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.