Frantzia

Bayrouk ez du esan zeinen alde eginen duen

Sarkozy eta Royal kritikatu egin ditu UDFko buruak. Maiatzaren 6an izanen da Frantziako Presidentetzarako hauteskundeetako bigarren itzulia. Bayrouk ia zazpi milioi bozka jaso zituen aurreneko itzulian.

2007ko apirilaren 25a
18:14
Entzun
Francois Bayrou UDF alderdi zentristako burua hirugarren geratu zen igandean Frantziako Presidentetzarako hauteskundeetako lehen itzulian, baina %18,5ko babesa jasota, eta erabakigarriak izanen dira haren aldeko botoak maiatzaren 6ko bigarren itzulian. Gaur zen hura zerbait esatekoa, eta esan du: ez diela bere boto-emaileei esanen Nicolas Sarkozy (UMP) eskuindarraren edo Segolene Royal (PS) sozialistaren alde egiteko. Are gehiago: bi presidentegaiak kritikatu egin ditu.

Igandetik hona bien dei batzuk jaso dituela aitortu du Bayrouk, baina ez diela erantzun. Maiatzaren 2an Sarkozyren eta Royalen arteko eztabaida izanen da telebistan, eta UDFko buruak "ondo" aztertuko du bakoitzak zer esaten duen. Iritzia alda dezakeela dio, baina "menpekotasunik ez" duela onartuko.

Sarkozygatik esan du "botere ekonomikoekin eta kazetaritzakoarekin ondo konpontzen" dela, eta hura Frantziako presidente izatera heltzen bada, "frantziarren artean bereizketa larritu" egingo dela. Royalen politika ere kritikatu du, "arazo denak konpontzeko Estatua baino ez duelako jartzen soluzio bezala".

UDFko buruaren ustez, Frantziaren oraina ez da ona, "demokrazia gaixorik dagoelako, sare soziala hautsita eta hazkunde eza dago". Horri guztiari aurre egiteko, "zentroaren beharra" aldarrikatu du, eta dagoeneko Frantziako Estatua ez dela zatitzen ezkerrean eta eskuinean. "Zentroa ere badago, hauteskundeetan ikusi den bezala". Ekainen izanen dira Frantziako Legebiltzarrerako bozak, eta Bayrouk esan du alderdi berria sortuko duela.

Igandean ia zazpi milioi lagunen botoak jaso zituen, eta bere boto-emaileei "askatasuna" eman die maiatzaren 6rako. 2002ko hauteskundeetan %6,8ko babesa jaso zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.