Bayrouren hautesleek erabakiko dute Sarkozy eta Royalen arteko lehia

Zentroko hautagaiak ia zazpi milioi boto lortu ditu; Sarkozyk %31,18 lortu ditu, eta Royalek, %25,87

2007ko apirilaren 24a
00:00
Entzun
François Bayrou zentristak galdu egin du finkatua zuen erronka, hots, bozetan eskuinaren eta ezkerraren arteko aspaldiko bipolarizazioa apurtzea eta gehiengo berri bat eratzea. UDF Frantziako Demokraziaren Aldeko Batasuneko hautagaiak, hala ere, ia zazpi milioi boto eskuratu ditu lehen itzulian -igandean egin zen-, eta boto horiek, hain zuzen ere, erabakigarriak izango dira maiatzaren 6an egingo den bigarren itzulian. Eskuinari edo ezkerrari emango diote garaipena hautesle horiek.

Nicolas Sarkozy UMP Herritarren Mugimenduaren Aldeko Batasuna eskuineko alderdiko hautagaiak botoen %31,18 bereganatu ditu. Segolene Royal PS Alderdi Sozialistako hautagaiak, berriz, botoen %25,87. Bayrou zentrista hirugarren gelditu da -%18,57- eta eskuin muturrak behera egin du: Jean-Marie Le Pen FN Fronte Nazionaleko buruak bozen %10,44 jaso ditu.

Parte-hartzea oso altua izan da: %84,6. Datu horretaz gain, baina, aipagarriak diren beste bi auzi daude.Batetik, orain dela bost urteko bozetan, apenas botoen %6 gainditu zuen zentroko hautagaiak hirukoiztu egin ditu oraingoan emaitzak: Bayrouk ia zazpi milioi boto jaso ditu. Bestetik, boz haietako lehen txandan botoen %16,8 bereganatuta, bigarren itzulira iristea lortu zuen eskuin muturreko hautagaiak porrot egin du: Le Penek milioi bat boto galdu ditu.

Bayrouk, eskuinaren eta ezkerraren arteko areriotasuna gainditzeko eta politikagintza oinarri berrietan sustraitzeko asmoz,plazaratutako mezuei esker6, 8 milioi herritarren bozak jaso ditu. Le Penek eta Philippe De Villers(MPF) eskuin muturreko hautagaiak lehen itzulian jasotako boto guztiak batuta ere, bozen %45 besterik ez lituzke jasoko bigarren itzulian Sarkozyk. Royalek, berriz, are zailagoa du. Olivier Besancenot (LCR), Arlette Laguiller (LO) eta Gerard Schivardi (PT) ezker muturreko hautagaien zein Jose Bove altermundialistaren eta Dominique Voynet ekologistaren alde egindako hautesleen boto guztiak batuta ere, %36,44ra besterik ez da iristen hautagai sozialista.

Sarkozyk eta Royalek, beraz, ahalegin guztiak egingo dituzte datozen bi asteetan zentristen botoak berenganatzeko. Atzo bertan, bigarren itzulira pasa diren bi hautagaiak kanpaina egiten hasi ziren. Sarkozy Dijonen mintzatu zen. Royal, berriz, Valencen.



BIGARREN ITZULIRA BEGIRA. Sarkozyk lehen itzulian bozkatu ez diotenei zuzendu eta «izpiritu irekia» izango duela prometatu die. Eskuin muturreko hautagaiak, hala ere, ez duela traturik egingo jakinarazi du: «Nire sinesmen sendoen kalterako ez dut hitzarmenik sinatuko. Nire duintasunaren sakrifizioaren gainean ez dut alderdien batasun bat eraikiko. Hautagai irekia izan nahi dut, presidente irekia izan nahi dudalako, baina alderdikeriarekin zerikusirik ez duen irekieraz ari naiz». Jacques Chirac presidenteak zorionak eman dizkio Sarkozyri. Eliseoan harrera egin eta bigarren itzulirako «animoak eta sostengua» eman dio bere alderdiko hautagaiari presidenteak.

Royalek, berriz, zuzenean zuzendu zaio Bayrouri. Sakelako telefonora mezua bidali dio «ideien eta baloreen» inguruan elkarrizketa «irekia eta publikoa» proposatuz. Bigarren itzulira begira hautagai zentristarekin «puntu komunak» aurkitzea espero du hautagai sozialistak. Bayrouren «erantzunaren zain» dago. François Hollande PS Alderdi Sozialistako idazkari nagusiak -Royalen bikotea da- zentristei bigarren itzulian sostengua emateko eskatu die.

Eskuineko hautagaia eta lehiakide sozialista aurrez aurre egongo dira, TFI eta France 2 telebista kateek datorren maiatzaren 2an zabalduko duten eztabaidan.



BAYROU, BIDEGURUTZEAN. Bayrouk, bigarren txandara pasako ez zela jakin orduko, kanpainan zehar aldarrikatutako joerari eutsiko diola jakinarazi zuen igandean. Hedabideen aurrean bihar egitekoa duen agerraldian, bere jarrera argitzea espero da baina, baliteke, bere alde boto egin dutenei inolako gomendiorik ez egitea. Modu horretara, batzuei -eskuinari- eta besteei -ezkerrari-, etorkizunari ate bat irekita utziko lieke Bayrouk. Bigarren txandara iristeko nahikoa izan ez bada ere, orain dela bost urteko emaitzak hirukoiztea lortu duela aintzat hartuta, alderdi berri bat sortzeko asmoa iragarri dezake gaur zentroko hautagaiak -prentsaurrekoa egingo du-.

Frantziako Legebiltzarrerako bozetan -ekainaren 10 eta 17an egingo dira- hautes-barruti guztietan hautagaiak aurkezteko erabakiaren berri eman dezake ere Bayrouk. UDFk 30 diputatuditu egun eta hauetako asko eskuin muturreko hautesleen sostenguari esker izan ziren hautatuak.



TXIKIEN JARRERA. Sarkozy, Royal, Bayrou eta Le Penen boto guztiak batuta bozen %86,26ra lortu dituzte lau hautagaiek. Lehen txandan lehiatzen ziren beste zortzi hautagaiek, beraz, sostengu txikia jaso dute -ezker muturrekoak edo ezker antiliberalak ziren gehiena-. Olivier Besancenot troskista izan da boto baliagarriaren joerak gutxien kaltetu duena: ia milioi bat eta erdi boto lortu ditu.

Besancenot, Arlette Laguiller -troskista-, Marie-George Buffet -komunista-, Dominique Voynet -ekologista- eta Jose Bove -altermundialista-hautagai sozialistaren aldeko botoa eskatu dute, hori bai, eskuin muturreko hautagaiari presidentetzarako bidea eragozteko beste aukerarik ez dagoela nabarmenduta.



estaturik gabeko nazioak



Bretainia

Royal lehena. Bretainiako bost departamenduetako emaitzak batuta, Segolene Royal sozialista da lehena iritsi, botoen %28,59 bereganatuta. Nicolas Sarkozy eskuindarrak botoen %27,87lortu ditu, eta François Bayrou zentristak, botoen %22,07.



Korsika

Sarkoyren garaipen zabala. Nicolas Sarkozyk Frantziako batez besteko emaitza zazpi puntuz gainditu du Korsikan, botoen %37 lortuta. Segolene Royalek botoen %21,81 erdietsi ditu eta, Frantzian ez bezala, Le Penek (botoen %15)aurrea hartu dio Bayrouri (botoen %12).



Ipar Katalunia

Sarkozy aurretik. Korsikan bezala, Jean-Marie Le Pen mutur eskuindarrak (botoen %14,21) ozta-ozta baina, aurrea hartu dio François Bayrou zentristari (botoen %14,20). Anartean, Nicolas Sarkozy da lehena irten, botoen %33,84 lortuta eta Segolene Royal, aldiz, bigarren, bozen 25,65 bereganatuta.



Itsasoz harandiko lurrak

Emaitza kontrajarriak. Itsasoz haraindiko lurraldeetan, emaitza kontrajarriak egon dira. Nicolas Sarkozyk alde handiz garaitu du Guadalupen, Guyanan eta Kaledonia Berrian eta Segolene Royalek, halaber, Martinikan eta La Reunionen. Emaitzak pareko izan dira Polinesian, Mayotten eta Saint-Pierre eta Mikelunen.





Ipar Euskal Herrian, Sarkozy eta Bayrou

Parte-hartze handia izan da Lapurdin, Baxenabarren eta Zuberoan, eta lehen hirurek bozen %70 batu dituzte
Eneko Bidegain

Baiona

Irri handiak Alderdi Sozialistaren Baionako egoitzan. Ez, ordea, Ipar Euskal Herrian lortu emaitzengatik. Ipar Euskal Herriko bozemaileek Nicolas Sarkozy (UMP) eta François Bayrou (UDF) ezarri dituzte lehen bi postuetan. Igandean, bozen %29,43 eskuratu zituen Sarkozyk, eta %25,2 Bayrouk. Segolene Royalek (PS) ere emaitza ona erdietsi zuen (%24,37), baina hirugarren postuan gelditu zen. Baxenabarrerengatik. Sozialistak %17,75 baizik ez zuen lortu. Bayrouk eta Sarkozyk, bien artean, bozen ia %60 eskuratu zuten herrialde hartan. Ipar Euskal Herri osoan, funtsean, hiru hautagai nagusien artean banatu ziren bozen %70. Gainerateko bederatzi hautagaiak %6tik behera gelditu ziren. Jean-Marie Le Pen urrun gelditu da Frantziako bataz besteko emaitzatik, hala nola bost puntu beherago, %5,95ekin.

Gainera, parte hartze handia izan da Ipar Euskal Herrian. Abstentzioa %14,46koa zen, Frantzian %15,2koa zelarik. Boto baliogabea %1 ingurukoa izan da.



UMP-REN DEIA UDF-RI. Baxenabarrek eskuinari eusten dion bezala, ezkerrak indartsu darrai Zuberoan. Royal ez da lehen indarra, baina bozen %26rekin, gutxigatik ez du lortu Bayrouren heina. Sarkozy, ordea, askoz beherago gelditu da, bozen %21,72rekin. Biarnoko hautagaiak arrakasta lortu du Euskal Herrian. Royalek irabazi ditu bozak, aldiz, Baionan eta Hendaian. %29,08 egin ditu Baionan. Miarritzen, ordea, Sarkozyk %38,09 lortu du.

Orain UMPren eta UDFren arteko batasunerako deia egin dute UMPkoek, besteak beste Jean Grenet Baionako auzapezak eta Alain Lamassoure eurodiputatuak. UDF «zentro eskuina» dela eta «UMPtik hurbilago» dela azpimarratu du Grenetek. «Batasunerako unea» dela, aldiz, Lamassourek. UDF «ez dela salgai» erantzun du Jean-Rene Etxegarai Baionako zinegotziak. Jean-Jacques Lasserre Pirinio Atlantikoetako Kontseilu Nagusiko lehendakariak pena pixka bat erakutsi du, Bayrou ez delako bigarren itzulira sailkatu. Hala ere, haren emaitza ona azpimarratu du.





Besancenoten eta Boveren alde bozkatu dute abertzaleek, hein handi batez

Bien artean 12.300 boz eskuratu dituzte, eta Berdeek beren ohiko hautesleria ez dute bildu
E. B.

Baiona

Nahiz eta zaila den asmatzea abertzaleek noren alde bozkatu duten, boz kopuruei so eginez, ondoriozta daiteke Olivier Besancenot (LCR) eta Jose Bove (Independentea) direla abertzaleen boz gehien eskuratu dutenak. Parte hartzea Frantziakoa baino pixka bat handiagoa izanik, abertzaleak ere bozkatzera atera direla pentsa daiteke. Besancenotek 8.260 boz eskuratu ditu Ipar Euskal Herrian. Duela bost urte, legebiltzarrerako hauteskundeetan LCRko hautagaiek 2.215boz baizik ez zituzten eskuratu. Aldi honetan, 6.045 boz gehiago. Jose Bovek, aldiz, 4.042 boz eskuratu ditu. Bi kopuru horiek gehituz gero, 10.087 boz dira. Abertzaleek, duela bost urteko hauteskundeetan egin zuten emaitza, gutxi gora behera.

Kantonamendu eta udal hauteskundeetan, abertzaleek emaitza hobea lortu ohi dute. Beraz, kontuan hartuz Boveren eta Besancenoten alde bozkatu duten guztiak ez direla abertzaleak, ez daiteke erran abertzale guztiek bi horien alde bozkatu dutela. Abertzaleen boza sakabanatuago izan da, baina, nagusiki, troskista gaztearen eta altermundialistaren aldera joan dira. Bovek Baxenabarren egin du emaitza hoberena, hala nola %5. Iholdiko kantonamenduan, %8aren heina ere lortu du. Laborantza, ELB sindikatua eta abertzaleak azkar diren herrialdearen marka.

Berdeek, aldiz, duela bost urteko legebiltzarrerako hauteskundeetan baino 1.817 boz gutxiago eskuratu dituzte. Beren bozemaileek berek beste norbaiten alde bozkatu dutela ageri da, are gehiago, pentsatuz, hauteskunde horietan abertzale batzuek ere Berdeen alde bozkatzen dutela (EAk Berdeei eman zien sostengua).

Alderdi Komunistak %1,66 baizik ez badu lortu ere Ipar Euskal Herrian, Zuberoan heinari eusten dio, apal gelditzen bada ere, %3,95ekin. Ehiztariak ez du lehengo arrakastarik ukan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.