We shall overcome, we shall overcome... (Aurrera egingo dugu, aurrera egingo dugu...), kantatzen zuten 1968an eskubide zibilen alde Derryn manifestazioa egin zuten hainbat katolikok eta protestantek. Erresuma Batuaren menpeko Ipar Irlandako Gobernu unionistak biztanle katolikoak diskriminatzen zituela salatzen ari ziren. 1969an, diskriminazioak segitzen zuela ikusirik, beste martxa entzutetsu bat egin zuten, loialisten eta RUC Poliziaren erasoa jaso zuena. Baina 1972ko urtarrilaren 30ean egindakoak izan zituen ondoriorik latzenak: 14 zibil, paraxutista britainiarrek tiroz hilda.
Bloody Sunday edo Igande Odoltsua deitu zioten. Irlandako historian halako bigarren igandea izan zen. Lehena 1921ean gertatu zen Dublinen, Orduan Irlanda osoa okupatzen zuen Erresuma Batuko Armada Croke Park kirol zelaian sartu eta besterik gabe hainbat jokalari eta ikusle tirokatu eta hil zituen. Brid eta Paul O'Reilly ama-semeak dira eta Bogside auzoan bizi dira, alde zaharreko murruetatik gertu; hain justu, soldadu britainiarrek sarraskia eragin zuten eremuan. 1972ko egun hura ezin dute ahaztu. «Gerard McKinney gure etxeko egongelan hil zen, soldaduek kalean zauritu ondoren. Ikaragarria izan zen», dio Bridek. «Egungo gatazkatik dudan lehen oroitzapena etxeko egongelan hil zen gizonarena da. Alfonbra odolez betea zegoen», adierazi du Paul semeak. Amak zera erantsi du, bisitari honi Irlandan ohikoa den tea esnearekin eskaini ondoren: «Protesta martxa baketsua zen; ez genuen halako erantzunik espero». 60 bat urteko emakumearen hitzetan, urte haietan zapalkuntza oso bortitza zen. «Behin, egun berean bitan sartu ziren soldaduak gure etxera, dena miatzera eta haustera. Hori eguneroko ogia zen auzo nazionalistetan; Poliziak eta soldaduek gorroto handia erakusten zuten. Baina Bloody Sundaykoak basakeria oro gainditu zituen».Azken hilabeteotan duela 31 urteko hilketez ikerketa judiziala egiten ari dira Foyle ibaiaren bokalean dagoen hirian, Irlanda iparraldeko bigarrenean.
«Sarraskiaren errudunak ez dituzte zigortuko»
Bogside ondoko muino baten magalean, West End Park kalean Pat Finucane Centre dago. Giza eskubideen zein eskubide zibilen aldeko kanpainak egiten dituzte bertan, eta memoria historikoa mantentzen eta salaketak egiten jarduten dute. UDA Ulsterko Defentsarako Elkartea talde paramilitar loialistak hil zuen Belfasteko Pat Finucane abokatuaren izena darama erakundeak. Paul O'Connell bertako langilea eta buruetako bat da. Bere ustetan, Saville epaileak agindutako ikerketa «traumatikoa» gertatzen ari da hildakoen senideentzat. «Galdeketak egiteko modu eta egoera intimidatzailea, manifestari batzuk armatuta edota harriekin zihoazela dioten akusazio faltsuak... Gertaerak behin eta berriro gogoratu beharra ere mingarria da».
1972an P-IRA Irlandar Armada Errepublikanoa-Provo-ak taldeko Derryko bigarren burua zen egungo Sinn Fein alderdiko negoziazioburu Martin McGuinness iazko urrian Londresek desegindako Stormonteko azken gobernuko Hezkuntza ministro ohia. Ikerketan deklaratu du, Londresen akusazioen guztiz kontra, Bloody Sunday egunean IRAk ez zituela armak erabili, eta «gezurra» dela soldaduak probokazio bati erantzunez hasi zirela jendea tirokatzen.O'Connellek nabarmendu du ikerketak ez duela justizia egingo. «Ez ditu errudunak zigortuko, ez behintzat goiko arduradunak. Gainera, Londresko gobernuak abiatu du ikerketa; ez da independentea. Izan, epaileak ere britainiarrak dira, Londresek izendatutakoak».Colm Dryce SEA Sozialisten eta Ingurumenaren Aldekoen Aliantzako kanpaina zuzendaria da. Koalizioko buru Eamonn McCann idazle, kazetari eta ekintzaile sozialista historikoa da. SWP Langile Sozialisten Alderdiak (troskista) eta ekologistek osatzen dute plataforma, eta diputatu bat lortzea zaila ikusten duten arren, ez dute amore ematen. Gainera, ez dute kaleko protesten ildoa baztertu nahi, beraiek salatu dutenez, «Sinn Feinek egin duen bezala». Drycen esanetan, «klase borroka» dute oinarri, bi komunitateetako langileak batzeko asmoz; «banaketa nagusia klasea dela, eta ez komunitatea, nabarmendu nahi dugu». Adierazi duenez, Irlandako iparraldeko instituzioak esparru sektario batean oinarrituta daude. «Eta Ostiral Santuko Akordioak ere funts hori dauka. Egungo gatazkaren analisi okerra egiten duela uste dugu; protestanteen eta katolikoen arteko liskarrak eta erasoak jartzen ditu gatazkaren abiapuntutzat. Eztabaidak, negoziazioak... dena komunitateen arabera egiten da». Dryce baikor da batasun hori berriz lor daitekeela: «Esaterako, otsailaren 23an mundu osoan gerraren kontrako manifestazioak egin zirenean, inoizko manifestaziorik handiena izan genuen Belfasten. Bertan katolikoak eta protestanteak eskuz esku aritu ginen protestan».
Bloody Sundayren auziari helduz, aski ezezaguna den gertaera bat nabarmendu du: «Bloody Sunday gertatu eta bi astera paraxutistek bi protestante hil zituzten Belfasteko Shankill auzoan. Ez zen istilurik ez probokaziorik. Unionistek zein Londresek hilketa hori isilarazi eta ikerketak oztopatu dituzte, Bloody Sundayrekin lotura duen arren, jendeak pentsa dezan soilik katolikoen afera dela». «Horrez gain, Bloody Sundayn paraxutisten bigarren burua zena gaur egun Erresuma Batuko Armadak Iraken dituen soldaduen buruzagi nagusia da, nahiz eta aginduak Londrestik eman».
Diskriminazioaren iraupena
Derryk gehiengo katolikoa eta nazionalista duen arren, duela urte gutxi arte alkate eta ordezkaritza nagusia unionistak zituen, Stormonteko gobernu autonomoak barrutien banaketarekin eginiko trikimailuei esker.
Duela 30 bat urte salatzen zuten diskriminazioa oraindik existitzen dela esan du O'Connellek: «Orain, ordea, ez da hain nabarmena. Londres saiatzen da katolikoak establishment barrenean eroso senti daitezen, britainiarren menpeko sistema honek funtziona dezakeela sinesteko».
IPAR IRLANDAKO LEGEBILTZARRERAKO HAUTESKUNDEAK
Bazterketa indarrean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu