AEBetako estatu gehienak kolore berberaz margotzen dituzte hauteskunde guztietan; tradizio politiko bertsuari eusten diote urtez urte. Safe states edo estatu seguruak dira hautagaientzat, aise poltsikoratu ditzaketen botoak. Presidentetzarako kanpaina honetan, esaterako, Mitt Romney errepublikanoak badaki hegoaldeko estatuetako enpresari eta lurjabe kontserbadoreak alde izango dituela, eta ez duela kanpaina gogorrik egin beharko Texas edo Georgia estatuetan, adibidez. Barack Obama hautagai demokratak, berriz, alde ditu Kalifornia eta New York, besteak beste. Baina tartean badira kolorea oraindik erabaki gabe duten lurraldeak; swing states deiturikoak dira, zabukariak edo kulunkariak, belaren gisan aise jo dezaketenak alde batera edo bestera. Horietan jokatzen dute Obamak eta Romneyk presidentetza.
Izan ere, AEBetan, herritarrek ez dute presidentea zuzenean aukeratzen; estatuz estatu erabakitzen dira botoak. Estatu bakoitzak ordezkari kopuru jakin bat du, bertan bizi den herritar kopuruaren arabera; horregatik, Kaliforniak, 38 milioi biztanlerekin, 55 ordezkari ditu. Montanak, milioi bateko biztanleria baitu,gutxieneko ordezkari kopurua du: hiru. Ordezkari horiek hautatzen dituzte AEBetako presidentea eta presidenteordea. Denera, 538 ordezkari daude; gehiengo osoa behar da irabazteko: 270.
Mainen eta Nebraskan izan ezik, winner-takes-it-all (garaileak dena eramaten du) printzipioaren arabera funtzionatzen dute estatu guztietan; boto gehien lortu duen alderdiaren alde egiten dute estatu bateko ordezkari guztiek. Hartara, hautagaiek estatuak irabazten dituzte, osorik. Baina lurralde batetik bestera alde handia dago; horregatik pasatu dituzte hautagaiek hilabeteak AEBetako itzulia egiten, estatu bakoitza bere erara mimatzen.
Lehia estua dago bederatzi estatutan, eta horietan 110 ordezkari daude jokoan. Obamak ziurtatuta dauzka 185 ordezkari, 52k ere haren aldeko joera dute; hori betetzen bada, 33 faltako zaizkio gehiengo osora iristeko. Romneyri, berriz, 191 zaizkio fidel, eta pentsatzekoa da beste 33k ere errepublikanoaren alde egingo dutela. Horiek eskuratuta ere, 79 faltako litzaizkioke irabazteko.
Egoera horretan, giltzarri izango dira erabaki gabe dauden bederatzi estatuetako 110 ordezkariak. Erro estatuak ere deitu izan zaie horiei; atea alde batera edo bestera eraman dezakete, eta horren arabera, hautagaiei Etxe Zurirako sarbidea ireki edo itxi.
Bakoitzari bere gozokia
Ikusteko dago herenegun gaueko eztabaida saioak zer eragin izango duen zalantzan dauden estatuetan; debatean Romney dezente hobeto aritu zela da iritzi orokorra, baina eztabaidaren aurreko azken inkesten arabera, Obama pixka bat aurretik zihoan estatu zalantzati guztietan.
Hilabete baino ez da falta hauteskunde egunerako, eta gelditzen zaien denbora apurrean swing state desiratuenak bihurtuko dituzte gudu zelai. Florida da kosta ahala kosta irabazi beharreko bataila. Han, 29 ordezkari daude jokoan; azken aldietan, gerora garaile irten den alderdiaren alde egin izan dute, oso alde txikiarekin ia beti. Eta ezin klasifikatu Floridako boto-emaileak: iparraldeko kristau zuriek eta Kubako etorkinek Romneyren alde egingo dutela pentsatzekoa da, baina hegoaldeko hirietan bizi direnek, komunitate juduek eta gainontzeko hegoamerikarrek gehiago dirudite Obamaren aldekoak.
Hautagaiek badakite etorkin hegoamerikarren artean boto asko dituztela irabazteko, Colorado (bederatzi ordezkari),Nevada (sei) eta halako estatuetan, adibidez, immigrazioari buruzko hitzaldiek eragina izango dutela. Coloradoko Denver hiria salbuespen egoeran eduki dute eztabaida saioaren inguruko egunetan, ikasleei jai emanda; Nevadan, Mana musika talde mexikarraren kontzertu batekin limurtu zituen hautesleak Obamak. Romneyk Craig semea eraman zuen hitzaldi batera, hark ederki egiten baitu gaztelaniaz.
Inkesten arabera, hautagaien arteko alderik handiena New Hampshiren dago: Obamak botoen %52 jasoko dituela diote, eta Romneyk, %37. Hala ere, errepublikanoek indarra hartu dute 2010eko Senaturako bozetatik.
Obamak Virginia eta Ipar Carolina ere ez dauzka ziurtatuta; horietan hamahiru eta hamabost ordezkari daude jokoan, hurrenez hurren. 2008an Obamaren alde egin arren, historikoki, errepublikanoen aldeko joera izan dute biek, eta oraingoan ez dago Obama efekturik. Ipar Carolinak, gainera, %9,7ko langabezia tasa du, eta horrek orain arteko gobernuaren aurka jar dezake. Krisiak Wisconsinen eta Iowan ere eragin dezake; 2008ko bozetan alde handiarekin irabazi zuen han, baina lehia estua izan ohi da.
Ohio (hemezortzi ordezkari) izan ohi da bozetako emaitzen isla; 1960tik, Ohion gehiengoa lortu duen alderdiko hautagaia bihurtu da presidente. Eta azken inkesten arabera, Obama doa aurretik: botoen %51 ematen dizkiote presidenteari, eta soilik %43 Romneyri.
AEBetako hauteskundeak. 'Swing' estatuak
Bederatzi ate Etxe Zurirako
Badira, historikoki, alderdi baterako zein besterako joera izan duten lurraldeak, 'estatu zabukari' deiturikoak; horietan jokatuko dute Barack Obamak eta Mittt Romneyk AEBetarako presidentetza.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu