KATALUNIAKO PROZESU SUBIRANISTA

Bederatzi bilera Junts Pel Si-CUP akordioa lortzeko

Bi aldeetako negoziatzaileek ostegunean berrekin zieten batzarrei, eta egunero egingo dute bat hilaren 22ra arte.

Junts Pel Si-ko Raul Romeva eta Marta Rovirak hartu zuten parte osteguneko bileran. QUIQUE GARCIA / EFE
2015eko abenduaren 11
11:25
Entzun

Kataluniako Parlamenturako hauteskundeetatik bi hilabete eta erdi igarota, gobernuburua aukeratzeko negoziazioetan jarraitzen dute Junts Pel Si eta CUP indar independentistek. Mahai gainean, gai ugari: independentziaranzko bide orria, krisi ekonomikoaren aurkako neurriak eta presidentearen aukeraketa.

Osteguneko bilera "positibotzat" jo dute bi aldeek, Ara egunkariak argitaratu duenez. Bertan, Junts Pel Sik CUPi proposatutako hogei neurriren inguruan hitz egin zuten —haurren pobrezia, energia txirotasuna, osasungintza, eta etxebizitzari buruzkoak, besteak beste—. CUPeko iturrien arabera, proposamenak "positiboak" izan ziren, baina "zehaztasun handiagoa" eskatu zuten.

Atzoko bileran, Antonio Baños, Anna Gabriel, Benet Salellas eta Eulalia Reguant CUPeko parlamentariek Junts pel Siko Raul Romeva, Marta Rovira, Josep Rull, Pere Aragones, Lluis Llach eta Toni Comini eskatu zieten neurri bakoitza ezartzeko aurrekontua, egutegia, bermeak eta mekanismoak. Berme horiek nahi ditu CUPek, balizko akordio bat abenduaren 27an berretsi beharko lukeelako bere militantziak.

Aurreakordio giroa dagoela aitortu dute bi aldeek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.