Mundua

Bederatzi hilabetez bahituta egondako bi kooperante kataluniarrak ondo daude osasunez

Goizaldeko ordubata eta erdiak inguruan iritsi dira Bartzelonara. Albert Vilalta eta Roque Pascual iazko azaroaren 29an bahitu zituen Magrebeko Al Kaedak, martxoaren 9an aske utzi zuten Alicia Gamezekin batera. Accio Solidaria GKE katalaneko kide dira hirurak.

2010eko abuztuaren 24a
10:16
Entzun
Bederatzi hilabetez Magrebeko Al Kaedaren esku bahituta egon ondoren, goizaldeko ordubata eta erdiak inguruan iritsi dira Bartzelonara, Espainiako armadako hegazkin batean. Komunikabideen aurrean egin duten agerraldian ondo daudela ziurtatu dute, bahitzaileek "tratu zuzena" eman dietela, baina gatibualdia oso gorra izan dela, "basamortuaren erdian bizi izan gara".

Kooperante biak atzo utzi zituzten aske Malin, Mustafa Chafi Burkina Fasoko gobernuaren aholkulari eta bahiketako bitartekariarekin batera egin zuten Uagadugu Burkina Fasoko hiruburura bitarteko bidea. Hain zuzen ere, Uagadugun jaso zituen atzo arratsean Espainiako armadak bidalitako Falcon hegazkinak. Bien emazteak, Soraya Rodriguez Espainiako Gobernuko Nazioarteko Lankidetzarako Estatu idazkaria, mediku bat eta psikologo bat joan ziren hegazkinean gatibu ohien bila, eta haiekin batera egin dute itzulerako bidaia.

Espainiako Gobernuaren baieztapena atzo eguerdian iritsi bazen ere,igandetik aritu ziren Kataluniako eta Espainiako komunikabide nagusiak eta nazioarteko albiste agentzia ugari askatzearen berri ematen. Hain zuzen ere, Al Arabiya telebista kateak eman zuen igande arratsaldean albistea, eta horren atzetik, komunikabide batzuetan eta besteetan ildo bereko berriak sortu dira.

Informazio horien arabera, Vilalta eta Pascualek Chafirekin eta haren laguntzaile batzuekin Maliko basamortua gurutzatu zuten.Maliko basamortua zeharkatzea arriskutsua da "gaizkile armatu" asko ibiltzen delako, eta horregatik Madrilek zuhur jokatu nahi izan zuen kooperante biak Burkina Fasora iritsi ziren arte.

Vilalta eta Pasqual iazko azaroaren 29an bahitu zituzten Mauritanian, Kataluniako Accio Solidaria gobernuz kanpoko erakundearen elkartasun karabana batean parte hartzen ari zirela. Alicia Gamez ere bahitu zuten, baina emakume hori martxoaren 9an aske utzi zuten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.