Wuhango pneumonia

Bederatzi hildako eta 440 kutsatu baino gehiago; zabalduz doa koronabirusa

Washingtonen kasu bat atzeman dute. Orain arte bederatzi lagun hil ditu birusak; gutxienez 35 lagun larri ospitaleratuta daude; beste hamabi, kritiko. Munduko Osasun Erakundeak urgentziazko bilera batera deitu du biharko, zehazteko ea «nazioarteko intereseko osasun larrialdia» den.

Bi herritar maskarak jarrita, Pekinen. WU HONG / EFE
Iosu Alberdi.
2020ko urtarrilaren 21a
08:53
Entzun

Txinan zabaltzen ari da Wuhango pneumonia esan zaion koronabirusa, eta herrialde horretako gobernuak «osasun publikoko larrialditzat» jo du egoera. Oraingoz, bederatzi lagun hil dira gaitzaren ondorioz, eta beste hamabi egoera kritikoan daude. Denera 440 lagunetik gora dira kutsatuak, eta adierazi dute gaixotasuna zabaltzeko arrisku larria dagoela, Txinako urte berria iristear dela —urtarrilaren 25ean da—. Gaixotasunak animalietan du jatorria, baina gizakien artean ere kutsa daiteke.

Azken ordukoaren arabera, AEBetara ere iritsi da birusa. Orain arte Asian zabaldu da, baina astearte iluntzean jakinarazi dute berria. Duela egun gutxi Wuhanen izandako pertsona bati atzeman diote gaitza. Joan den astean ospitaleratu zuten, Washingtonen. Ez dute haren egoera zehatzaren berri eman, baina «nahiko gaixo» dagoela esan dute.

AEBetara iritsi dela baieztatu aurretik, hiru kasu atzeman dituzte Thailandian, bat Japonian, eta beste bat Hego Korean. Koronabirusaren kutsadura eragozteko neurriak hartzen ari dira hainbat herrialde. Besteak beste, AEBak berak, Thailandia eta Australia osasun kontrolak egiten ari dira Txinatik iristen diren bidaiariei. Australiako Gobernuko Medikuen buru Brendan Murphyk adierazi du ezin dela «guztiz prebenitu» gaixotasuna herrialdean sartzea, baina nabarmendu du kontrolak areagotu dituztela, Txinatik iristen den bidaiari kopuru handia dela eta. Kasu bat baieztatzekoa daukate herrialde horretan; azterketak egiten ari dira.

Animalietatik pertsonetara, eta pertsonetatik pertsonetara

Wuhan hirian atzeman zen lehen aldiz 2019-nCoV koronabirusa, Wuhango pneumonia deritzona, abendu erdialdean. 11 milioi biztanleko hiria da, eta hango arrain eta itsaski merkatu batean kokatu dute gaixotasunaren iturria. Izan ere, xehetasun argirik eman ez den arren, Munduko Osasun Erakundeak sare sozialen bidez adierazi du seguruena dela «koronabirus berriaren agerraldiaren lehen iturria animalia jatorrikoa izatea». Erakundeak animaliekin kontakturik ez izateko edo horretarako beharrezko neurriak hartzeko gomendioa egin du, baita animalia jatorriko jakiak ondo kozinatzeko ere.

Egoera, ordea, are larriagoa da, Txinako Osasun Batzordeak adierazi baitu gizakien artean ere kutsa daitekeela Wuhango pneumonia. Erakunde horren arabera, halako bi kasu baieztatu dira jada, Kanton probintzian. Maskarak eta mukizapiak erabiltzeko eta eskuak sarri garbitzeko gomendatu dute osasun erakundeek. Horrez gain, jende pilaketak saihesteko ere adierazi dute. Munduko Osasun Erakundeak urgentziazko bilera batera deitu du biharko, zehazteko ea «nazioarteko intereseko osasun larrialdia» den.

Koronabirusak sukarra eta nekea eragiten ditu, bai eta eztul lehorrarekin eta arnasa hartzeko zailtasuna ere. Oraingoz, 440 lagun inguru daude kutsatuta, gehienak Wuhanen. Hangoak dira hildako herritar denak. Halere, hamahiru probintziatara zabaldu da gaitza. Esaterako, Kanton probintzian hamalau kasu baieztatu dira, eta bost Pekin hiriburuan. Shanghain ere behaketan dago herritar bat, gaixotasuna izan dezakeelakoan. Kutsatuta dauden lagunetatik gutxienez 169 bakarturik ospitaleratuta daude; 35 larri, eta hamabi kritiko.

Urtarrilaren 25ean Txinako Urteberria ospatuko dute. Herrialde horretan bidaia gehien egiten den garaia da, milioika herritar etxera itzultzen baitira ospakizunetarako. Gauzak horrela, bidaiarientzako sukar kontrolak ezarriko ditu gobernuak tren eta autobus geltokietan, eta aireportuetan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.