Palestinako iturrien arabera, atzo goizaldean Israelgo Armadako 20 bat tanke sartu ziren Rafako iheslari eremuan. Ekintzaile palestinarrek aurre egin zieten eta tiroketa latzak piztu ziren. Egunak aurrera egin ahala soldadu eta tanke gehiago sartu ziren. Soldaduek gutxienez zortzi palestinar hil zituzten, tartean 50 urteko gizon bat. Ekintzaileez gain, etxeko leihotik begira zegoen zibil bat hil zuten soldaduek. Horretaz gain, 40 bat pertsona zauritu zituzten, mediku palestinarrek ezagutzera eman zutenez.
Armadako eledun batek esan zuen Rafako erasoa «Egiptotik armak kontrabandoan sartzeko tunelak suntsitzeko borrokaren harira» egin zutela. Erantsi zuenez, etxe baten zoruan tunel bat atzeman zuten. Urrian antzeko operazioa egin zuen Israelgo Armadak eta 15 palestinar hil zituen astebetean. Atzoko erasoetan bi ekintzaile galdu zituzten Al Aksako Martirien Brigadek Israel barruan erantzungo zutela iragarri zuten atzo, hildakoen aldeko hiletetan.
Gazatik gertu dagoen Negev basamortuan (Nakab, arabieraz) bi ezezagunek ustez ekintzaile palestinarrak kamioi bat eta Israelgo Mugetako Poliziaren jeep bati eraso zioten atzo goizaldean. Iturri israeldarren esanetan, erasotzaileak Egiptotik sartu eta erasoa egin ondoren hara itzuli ziren, Armadaren kontrolak saihestuta. Uvdako aire basetik gertu izan zen erasoa, baina ez zuen eragin biktimarik.
Ekialde hurbila
Bederatzi hildakoekin eta 40 zauritu pasatxorekin amaitu da Rafako operazioa
Erresistentzia palestinarrak herenegun gauean bi soldadu israeldar hasieran kolonoak zirela zabaldu zen eta soldaduek ekintzaile bat hil eta ordu gutxira, Israelgo Armadak, miaketa eta eraso ekinbidearekin segituta, bederatzi palestinar hil eta beste 40 bat zauritu zituen Rafa hiriko errefuxiatu gunean. Eremua Gaza eskualdeko hegoaldean dago, Egiptorekin mugan hiriaren zati bat Egiptoren menpe dago. Bestalde, Ramalan, azken egunotan soldaduek Hamas Erresistentzia Islamikoko Mugimenduko 20 ustezko kide atxilotu dituztela jakin zen atzo. Tel Avivek azaldu zuenez, atxilotuek soldaduak bahitzeko planak zituzten, preso palestinarrengatik trukatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu