Bederatzi lagun hil dira Kolonboko base militarrean izandako erasoan

Armadaren arabera, atentatu suizida izan da eta tamil tigreei egotzi diete erantzukizuna; Gobernuak LTTEren menpeko Trinconmalee barrutia bonbardatu du, atentatuari erantzuteko

Erredakzioa
2006ko apirilaren 26a
00:00
Entzun
Kolonboko base militar batean leherketa bat izan zen atzo.Armadak tamil tigreei leporatu zien erasoa. Haren arabera, emakumezkoa zen ekintzailea. Haurdun itxurak eginez sartu zen Sri Lankako Armadak Kolonbon duen basean, erietxera zihoala esanez. Behin barrura sartuta, Sarath Fonseka armadaburua zihoan autora sartu eta gainean zeramatzan lehergailuak zartarazi zituen. Erasoan bederatzi pertsona hil ziren, tartean ekintzailea bera, eta 27 zauritu. Armadaburua larri zauritu zen atentatuan eta berehala erietxera eraman zuten, ebakuntza egiteko. Mahinda Rjanpakse presidenteak bozak irabazi eta gutxira izendatu zuen Fonseka Armadako buru. Tamil Eelameko Askatasun Tigreen kontrako borroka zuzendu du geroztik, eta borroka hori gogortu egin da azken asteotan.

Oraingoz ez du inork hartu bere gain erasoa. Hala ere, segurtasun indarren iritziz, tamil tigreak izan dira erantzuleak. Lehen maiz egiten zituzten halako erasoak gerrillariek, baina azkena 2004ko uztailean egin zuten. Geroztik ez zen eraso suizidarik egon Sri Lankan. Orduanemakume bat izan zen ekintzailea eta polizi-etxe batean leherrarazi zuen bere burua. Sei pertsona hil ziren, tartean ekintzailea bera. Joan zen martxoan ere LTTEko sei kidek bere buruaz beste egin zuten Armadako ontzi bat handik igarotzen zen unean. Beren ontzian zeramatzaten armak aurkitu ez zitzaten egin zutela bere buruaz beste uste dute agintariek.Gobernuaren eta gerrillarien arteko bake negoziazioak zuzentzeaz arduratzen den taldearen ustez, su-etenarekin jarraitzea eta bake prozesua oztopatuko ditu atentatuak. Ondorioz, bake prozesua errespetatzeko eskatu diote taldeko kideek Sri Lankako Gobernuari. «Bi aldeak elkarrizketak hasi behar dituzte berehala, egoera kontrolatu ezinezko gatazkan bihurtu baino lehen, horrek gerra zibila ekarriko lukeelako», dio taldeak kaleratutako komunikatuak. Haren arabera, aurten 300 pertsona hil dira erasoetan, eta horietatik 150 inguru zibilak dira. Hori dela eta, erantzun militarrik ez emateko eskatu dio Gobernuari.

Erantzun odoltsua

Leherketa izan eta berehala, larrialdiko bilera egin zuten agintariek Rajapakse presidenteak deituta. Handik gutxira, Armadako hegazkinek tamil tigreen menpe dagoen Triconmalee barrutia bonbardatu zuten. Lerro hauek idazteko unean ez agintariek eta ezta LTTEk ere ez zuten hildakorik edo zauriturik izanzen jakinarazi. Bestalde, erasoa izan eta bi ordu ingurura, Gobernuak 18 orduko etxeratze agindua jarri zuen barruti hartan. Apirilean ere, Armadak hamabi orduko etxeratze agindua jarri zuen indarrean Triconmaleen. Epe horretan segurtasun indarrek hainbat erasoaldi egin zituzten. Enfrentamenduetan 20 pertsona inguru hil ziren.

Sri Lankako Bakerako idazkari Palitha Kohonaren esanetan, Gobernuak bake prozesua errespetatzen jarraitzen du, eta Armadaren operazioak gerrillarien erasoak saihestea izan du helburu: «Tamil tigreen menpeko lurrak bonbardatzea gertakari bakana da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.