Asteartetik asteazkenerako gauean bederatzi lagun hil eta beste hogei lagun zauritu ziren Txetxenian, Grozni hiriburuan izandako hiru atentatuetan. Gainera, zaurituetako bostek egoera larrian jarraitzen dute, Rashid Nurgaliev Errusiako Barne ministroak adierazi duenez.
Soinean bonbak zituzten hiru ekintzailek beraien burua leherrarazi zuten batak bestearen atzetik Grozniko kaleetan, eta guztira zazpi lagun hil zituzten unean bertan. Atzo goizean beste bi lagun hil ziren ospitalean, zaurien larritasunagatik. Atentatuetan larri zauritutako bi polizia Moskuko ospitalera eramango dituzte.
Grozni erdialdean izan zen lehen atentatua, Txetxeniako Parlamentutik 50 metrotara. Bi agentek agiriak eskatu zizkioten ekintzaileari, eta hark bere burua leherrarazi zuen; unean bertan hil ziren hiruak. Geroago, Poliziaren hainbat patruila joan ziren bertara, eta beste bi ekintzailek egin zuten eztanda han bildutako jendetzaren artean. Orduan, beste bi polizia, larrialdietako funtzionario bat eta zibil bat hil zituzten.
Bi identifikatu dituzte
«Nahikoa da gerrillarien kontra daramagun politika apaltzea haiek errugabeen odola isurtzen hasteko. Baieztatu dut, beste behin ere, gaitz honekin amaitzeko bide bakarra neurri gogorrak hartzea dela», adierazi du Ramzan Kadirov Txetxeniako presidenteak atentatuen ostean. «Egunik sakratuenean —Ramadanaren amaieran— ezbeharra ekarri dute hamarnaka eta ehunka familietara. Poliziarik onenak hil dituzte, jende gehiago zegoen lekuetara joatea galarazi zietenak», gaineratu du presidenteak.
Bitartean, hiru ekintzaile suizidak nor diren ikertzen ari da Errusiako Ikerketa Batzordea. Oraingoz, bi identifikatu dituzte: Magomed Dashaev eta Adlan Jamidov hogei urteko txetxeniarrak. Iaz Groznin atentatua egin zuen beste ekintzaile suizida baten anaia da horietako bat, Errusiako Poliziaren arabera.
Bederatzi lagun hil dira Txetxeniako hiriburuan hiru atentatu suizidatan
Lau polizia, zibil bat, larrialdietako funtzionario bat eta hiru ekintzaileak hil dira; hogei zauritu daude
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu