Myanmarko armadaren eta erregimen militarraren kontrako manifestarien arteko istiluek puri-purian jarraitzen dute, batik bat Rangunen, Myanmarko hiri nagusian. Gaur bederatzi lagun hil ditu armadak, disidentziak jakinarazi duenez.
Iturri horien arabera, atzo eta bart gauean armadak izandako jarrera bortitzari aurre eginez, milaka lagun -40.000 aipatu dituzte- batu dira Suleko pagoda inguruan, eta berriro ere tiroka hartu dituzte soldaduek. Bederatzi lagun hil dituzte, haien artean argazkilari japoniar bat. Oposizioko iturriek agertu dutenez, atzo beste zortzi lagun hil ziren soladuek manifestariei tiro eginda -aldiz, pertsona bakarra hil zen Junta Militarraren arabera-.
Atzerriko kazetariak aterarazten ari direla ere salatu dute.
Bart gauean, berriz, 800 bat monje atxilotu dituzte Rangungo lau tenplutan. Hain justu, monje budistak izan dira protesten bultzatzaileak.
Monjeez gain, beste hainbat lagun ere atxilotu dituzte; besteak beste, Mynt Thein Demokraziarako Liga Nazionala oposizioko alderdi nagusiko bozeramailea. Aung San Suu Kyi alderdi horretako buruzagi eta Bakearen Nobel sariduna Inseingo espetxera eraman dute, hainbat urtez etxean arrestatuta eduki ondoren.
Errepresioa bortitza izaten ari den arren, milaka lagunek eusten diote protestari. Lekukoen arabera, gero eta gehiago dira gertatzen ari denarekin haserre kalera atera diren myanmartarrak.
Mundua
Bederatzi lagun hil dituzte Myanmarren gaur, disidentziaren arabera
Milaka lagun batu dira Rangungo kaleetan erregmen militarraren aurka, eta armadak tiroka hartu dituela salatu dute. Argazkilari japoniar bat da hildakoetako bat. Horrez gain, 800 bat monje atxilotu dituzte; Mynt Thein oposizioko alderdi nagusiko bozeramailea ere bai.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu