Itar-Tass berri agentziaren arabera, Ingushetian preso dauden erreboltari talde bat askatzea eskatzen dute.Bahitzaileak Ipar Osetiako gobernuarekin negoziatzen hasi dira.
Bahitzaileek emakume bat askatu egin dute, eta hark azaldu duenez, "eskola osoa minatuta" daukate bahitzaileek.
Ipar Osetiako presidente Alexandr Dzasojov eta Ingushetiako lehendakari Murat Ziazikov haruntz joateko ere eskatu dute bahitzaileek, askatutako emakumeak esandakoaren arabera. Gainera, Leonid Roshal hurbiltzeko ere eskatu dute. Roshal izan zen 2002an Moskuko Dibrovka antzokiaren bahiketan bitartekari lanak egin zituena.
Berri agentzia batzuen arabera, "irakasleen artean biktimak daude". Polizia iturriek, berriz, tiroketan bahitzaileetako bat hil dutela esan dute. Hamaika lagun zauritu dira.
Interfax agentziak esan duenez, 50 bat umek alde egin dute eskolatik.
15 haur aske utzi dituzte
Itar-Tass berri agentziak esan duenez, bahituta eduki dituzten 15 ume aske utzi dituzte. Hala ere, 150 bat legun bahituta dituzte oraindik.
Mehatxuak
Bahitzaileek defentsa moduan mehatxu egin dute. Hiltzen duten beraietako bakoitzeko 50 bahitu hilko dituztela mehatxu egin dute. Zauritu bakoitzeko, berriz, 20 hilko dituztela esan dute.
Errusiako Federazioa
Bederatzi pertsona hil dira Ipar Osetiako eskolako bahiketan
Beslamgo ospitaleko iturriek jakinarazi dutenez, bederatzi pertsona hil dira talde armatu batek hiriko eskolan egin duen bahiketan. Hain justu, komandoak ikastetxea hartu duenean tiroketa gertatu da Errusiako segurtasun indarrekin, eta zortzi zibil —haien artean haurrak ere badira— eta erasotzaileetako bat hil dira. Ipar Osetiako Beslam hiriko eskola batetara sartu dira gaur goizean identifikatu gabe dagoen talde armatu bateko 20 bat kide, eta han zeuden guztiak (eskola umeak, irakasleak eta gurasoak) hartu dituzte gatibu. Iturri batzuen arabera, 150 bat dira bahituak; beste batzuek 400 aipatzen dituzte. Bahitzaileek jakinarazi dute segurtasun indarrek beraien kontra eginez gero, hildako komandokide bakoitzeko 50 bahitu hilko dituztela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu