KRISI POLITIKOA GREZIAN

Begi bat Syrizari begira, bestea Nazioarteko Diru Funtsari begira

Greziako hauteskundeen aurrerapenak erreakzioak sortu ditu burtsetan, Syriza ezkertiarra baita bozak irabazteko faboritoa. NDFk iragarria du ez dizkiola Greziari oraingoz ordainduko erreskateko azken 1.800 milioiak, baina Alexis Tsipras prest agertu da EBko herrialdeekin negoziatzeko.

Antonis Samaras eta Alexis Tsipras Demokrazia Berria alderdi kontserbadoreko eta Syriza ezkertiarreko buruak, 2012an. WILLY ANTONIOU / EFE
2014ko abenduaren 30a
02:14
Entzun

Hautsak harrotu ditu Greziako Parlamentuan herrialdeko presidentea aukeratzeko atzo egin zuten bozketak. Stavros Dimas kontserbadoreak hirugarrenez nahikoa babes ez izateak ateak ireki dizkie hauteskundeei, eta, lehia horretan, Syriza ezkertiarra da indar nagusia izateko faboritoa.

Erreakzioak bata bestearen atzetik eragin ditu hipotesi horrek. Beheranzko joeran hasi dute eguna, adibidez, Tokioko eta Madrilgo burtsetan: %0,98 egin du behera Madrilgoak zabaldu eta berehala, eta 0,68 Nikkei indizeak. Greziako krisi politikoarekin lotu dituzte beherakadak ekonomia analistek.

NDF Nazioarteko Diru Funtsak ere berehala hartu ditu neurriak; diruaren iturria itxiko dio Atenasi hurrengo gobernua osatu arte, eta hurrengo gobernuarekin negoziatuko du erreskatearen ordainketa.

Tsiprasen lasaitasun mezua

Krisiari aurre egiteko burujabetza nazionala defendatzen du Syrizak, eta berriz negoziatu asmo ditu Greziako Gobernuak Europako Batasunarekin eta NDFekin adostutako erreskate planen baldintzak. Inbertitzaileak ez dira fio, Alexis Tsipras Syrizako buruaren gobernu batek zorra ordainduko ote duen, eta hor topatu dute analistek burtsen beherakadaren azalpena.

Nolanahi ere, azken urteotan dezente leundu du diskurtsoa Syrizak, batez ere Europako Batasunari eta euroari dagokienez. Tsiprasek adierazi du gobernura helduz gero Greziako bankuek bermatuta edukiko dituztela gordailuak, eta bere alderdia prest dagoela Europako beste herrialdeekin negoziatzeko: "2014a ez da 2012a. Banku sistemikoek talka probak gainditu dituzte; egonkortzera egin dute, eta guztiak daude Europako banku sistemaren barruan".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.