Begi batez Errusiari so

Azken asteotako protestek zalantzan jarri dute Georgiako presidentearen agintea; baliteke Saakaxvilik bozak ez irabazteaAEBak inbertsioetarako aita ponteko izan ditu agintean emandako zortzi urteetan

Begi batez Errusiari so.
Samara Velte.
2012ko urriaren 2a
00:00
Entzun
Herrialdeko gizonik boteretsuena, ala gizonik aberatsena. Jaten ematen dion aita Mendebaldean ala Errusian bilatu nahi duen, horra Georgiaren aukera. Atzo zuten botoa emateko eguna, parlamentua osatzeko; arratsaldeko inkesta gehienen arabera, oposizioa irabazteko bidean zen. Galdeketa batzuek botoen %70 jasoko zituela iragarri zuten.

Georgia independentea denetik izandako botere aldaketa guztiak indarrez gertatu direnez, «lehenbiziko aldaketa demokratikoa» izan daitekeela zabaldu dute hainbat hedabidek Georgiako hauteskundeen inguruan. Zalantzan da, ordea, bata zein bestea: aldaketarik izango den, eta izango bada, demokratiko gisa defini ote daitekeen. Azken zortzi urteotan Georgiako presidente izan den Mikhail Saakaxvili da ENM Mugimendu Nazional Batuko hautagaia. 2013an bi agintaldi beteko ditu presidente gisa, eta boterea uztera behartuta dago. Konstituzioak debekatu egiten dio hirugarrenez agintzea, baina parlamenturako hauteskundeak irabaziz gero, segitu dezake boterean lehen ministro gisa. Dagoeneko moldatu du konstituzioa bere asmoen neurrira: 2013tik aurrera, botere handiagoa izango dute parlamentuak eta lehen ministroak, eta gutxiago presidenteak.

Uda hasierako inkestek Saakaxviliren aldeko emaitzak iragartzen zituzten arren, haren alderdiak ez dauka inondik inora ziurtatua boterean segituko duen edo ez. Saakaxviliri leporatzen dioten autoritarismoarekin nekatuta eta mesfidati daude georgiar asko. Duela bi aste Interneten eta bi telebista katetan zabaldutako bideo batek ere ez dio mesederik egin haren kanpainari. Tbilisiko espetxe bateko presoei emandako tratu txarren irudiek haserrea piztu zuten herritarren artean; gobernuko bi ministroren dimisioek ere ez zituzten baretu manifestazioak.

Saakaxviliren agintea kolokan egon daiteke, Georgiarren Ametsa oposizioko alderdiaren emaitzen arabera; Bidzina Ivanixvili enpresaria da Saakaxviliren aurkari bakarra hauteskunde hauetan. AEBetako Forbes aldizkariak emandako datuek diote 64.000 milioi dolarren jabe dela; Georgiaren aberastasun guztiaren erdia baino gehiago da hori.

Ivanixviliren izenak azpiegitura eta proiektu handien mezenas gisa oihartzuna bazeukan arren, ia Euskal Herrian bezain ezezaguna zen haren aurpegia duela gutxira arte georgiarren artean. Dirutza Errusiako altzairugintzan egin zuela ezaguna zen, eta harekin hotelak, azpiegiturak eta artelanak finantzatzen zituela; baina hortik aurrera, zurrumurruak ziren hari buruzko gehienak. Ordura arte, apenas zeukan presentzia publikorik, eta jendaurrean hanka sartzeko aukerak ere, gutxi. Saakaxvilik baino irudi garbiagoa du; herritarren esperantzak proiektatzeko orri zuri perfektua da.

Errusiaren mamua

Gupidarik gabeko kanpaina izan da garai batean elkarrekin martiniak hartzen zituztenen artekoa; Ivanixvilik gobernuaren «errepresioa» salatu izan du —Georgiako pasaportea kendu zioten, beste naziotasun batzuk izateagatik, eta bere jabetzako banku bat ikertzen ari dira, dirua zuritu duelakoan—. Bueltan, Errusiaren lagun izatea leporatzen diote Ivanixviliri, eta ez dirudi kasualitatea espetxeetako torturen irudiak orain aireratu izana, iazkoak izanda; haiek zabaldu dituzten bi telebista kateetako bat Ivanixvilirena da.

Georgiak 1991n lortu zuen independentzia, SESB Sobietar Errepublika Sozialisten Batasuna erori ondotik; ordutik, txarrera baino ez dute egin gobernuaren eta Errusiaren arteko harremanek. Saakaxvili 2004an heldu zen boterera; SESBeko Atzerri ministro izandakoaren agintepean zegoen orduan Georgia, erregimenaren gainbeheraren osteko gerra zibil, pobrezia eta ustelkeriari buelta eman ezinda. Arrosen Iraultza deitu ziotenari esker, georgiarren eta Mendebaldearen begirunea irabazi zuen Saakaxvilik, eta ordutik aita ponteko izan ditu AEBak hainbat azpiegitura finantzatzeko orduan, besteak beste, Azerbaijango petrolioa Georgiatik garraiatzeko. Errusiako gasarekiko menpeko zen eta Mendebaldearekiko menpeko bihurtu da.

Georgiak bere menpekotzat dituen Abkhazia eta Hego Osetiaren inguruko gatazkek ere gaiztotu dituzte Errusiarekiko harremanak; 2008an Hego Osetiari eraso egin zion Georgiak, eta Moskuk atzera egitera behartu zuen Saakaxvili. Horrekin, georgiarren artean ere galtzen atera zen presidentea; %96tik %53ra jaitsi ziren haren aldeko boto-emaileak. Botereari eusteko saio desesperatuak izan dira orduz geroztikoak; 2007tik hainbat aldiz erreprimitu ditu bere aurkako protestak, eta behin larrialdi egoera deklaratu zuen. Georgia «modernizatzea» aitortzen diote, baina Mendebaldearen laguntzarekin ere, ez zaie espero zuten oparotasunik iritsi georgiarrei, eta inkesten arabera, Errusiarekiko harremanak hobetzearen alde daude %88.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.