Behar gorriaren bihotzean

Hasi eta buka osorik Afrikan egingo den lehen Munduko Gizarte Foroak agerian utziko ditu kontinenteko premiak eta aldaketa egarria.

SAYYID AZIM / AP.
arantxa iraola
2007ko urtarrilaren 20a
00:00
Entzun
Inoiz baino afrikarragoa izango da aurten Munduko Gizarte Foroa. Lehengo aldiz egingo da bilkura handia osorik, hasi eta buka, Afrikan. Erronka handia izango daKenyako hiriburuarentzat honelako bilkura handi bat bertan egitea. Zaila. Baina tentagarria. Afrikako beharrak eta nahiak zein diren agerian uzteko aukera aparta eskainiko du foroak.

«Gure kontinentea denetan ahulena da, eta globalizazioaren ondorioak ikaragarriak dira Afrikan», ekarri du gogora foroko antolaketa batzordeko kide Tawfiq Ben Abdallahk.Foroaren bidez, aldaketarako indarrak batzeko eta aktibatzeko aukera izango dela pentsatzen du.«Parte hartu genuen lehengo Munduko Gizarte Foroan, 50.000 partaideren artean, 50 afrikar baino ez geunden. Oraingoan kontinente osoko 43 estatutako ordezkariak elkartuko gara».

Latinoamerikako herrialdeak dituzte Afrikako zenbait ekintzailek, eredu. Ezkerreko mugimenduak eta antolakuntzak sendotu egin dira iragan urteotan. Antzeko bidea nahi dute Afrikan.

Munduko Gizarte Foroaren sortzaile Francisco Whitakerren aburuz ere, bultzada garrantzitsua jaso dezakete aurten Afrikan mundu hobearen eta giza eskubideen alde borrokan ari diren talde eta erakundeek foroaren bidez. «Afrikaren ahalmen handiena da, gauza asko daudela egiteko. Garapenerako eredu berriak daude, eta, esate baterako, kontzientzia ekologikoa hartzen dute aintzakotzat». Globalizazio menderatzaileren ordez globalizazio eraikitzaile baten alde egiten bada, ideia horietako asko zabaldu eta gara daitezkeela uste du Whitakerrk.

DATU SORTA KEZKAGARRIA.Arazo eta ezinei buruz lehen pertsonan hitz egin ahal izango da Afrikan. Bertatik bertara. Zeregina franko dago kontinentean. Munduan herrialde behartsu gehien duen kontinentea da; herritarren %40 egunean dolar bat baino gutxiagorekin bizi dira, miseria gorrian.

Oinarrizko osasun eta garbitasun baldintza egokirik gabe bizi dira herritarrik gehienak, eta GIB birusak zabalkunde ikaragarria izan du. 24,5 milioi lagun GIBak jota daude Afrikan. Errealitate hori alda dezaketen neurri eta politikek leku berezia izango dute aurten foroan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.