Hauteskunde orokorretako bigarren itzulia egingo dute gaur Kolonbian. Maiatzaren 25eko bozketa gaindituta, bi hautagai baino ez dira geratzen presidentetzarako lehian, biak ere eskuindarrak: Oscar Ivan Zuluaga, Zentro Demokratikoa alderdiko burua; eta Juan Manuel Santos, orain arte presidente izan dena. Lehena Alvaro Uribe presidente ohiaren kuttuna da, eta haren gobernuaren oinarrizko ildoetara itzultzea hitzeman du: jazarpen politika gogorra Kolonbiako oposizioaren aurka, gatazkaren ukapena eta inguruko gobernu ezkertiarragoekin jarrera zurruna. Lehenengo itzulian gehien bozkaturiko hautagaia izan zen, botoen %29 lortuta.
Hark baino lau puntu gutxiago jaso zituen Santosek, eta bigarren geratu zen. Lau urtez agintean egon ostean, karguan jarraitzea du helburu. FARC Indar Armatu Iraultzaile Kolonbiarrekin 2012an abiatutako bake prozesua burura eramateko promesarekin egin du kanpaina: "Hauteskundeotan, kolonbiarrek aukeratu beharko dute: gerraren amaiera edo amaierarik gabeko gerra". Bien artean erabaki beharko dute nork eutsiko dien Habanako elkarrizketei abuztutik aurrera, oraingo presidentearen agintaldia amaitzen denean; edo, bake akordioa lehenago sinatuko balute, nork eta nola jarriko duen hura indarrean.
Ezkerrak, ezinbestean, Santosen aldeko botoa eskatu du. Lehenbiziko itzulian, urteotako koalizio sendoena osatu zuten ezkerreko hainbat taldek, eta PDA Polo Demokratiko Alternatiboaren izenean aurkeztu ziren hauteskundeetara; tartean zeuden, besteak beste, UP Batasun Patriotikoko militante ohiak. Gobernuaren eta FARCen arteko aurreko negoziazio saio batetik sortu zen UP, 1980ko hamarkadan: gerrillari ohiei eta klandestinitatean aritutakoei politikagintza konbentzionalean jarduteko aukera ematea zen asmoa. Alderdiak ordezkari ugari eskuratu zituen udaletan eta tokiko administrazioan, baita kongresuan ere, baina aurki eten zioten bidea: 1988tik 1991ra, milaka militante sarraskitu zituzten paramilitarrek. UP instituzio politiko nagusietatik desagertuta egon da urteotan, eta aurtengo bozetan itzuli da. Ezkerreko koalizioak bi milioi boto baino gehiago lortu zituen lehenbiziko itzulian, baina lehiatik at geratu zen.
Bigarren itzulian saihestu nahi zukeen aukera bat egin behar izan du PDAk, eta Santosen aldeko botoa eskatu du, bake prozesuaren izenean. "Kolonbiarrek kontzientziaz eta modu autonomoan bozka dezaten nahi dugu", argitu du Clara Lopez zerrendaburuak: "Horrek ez du esan nahi datozen lau urteotan oposizioan jardungo ez dugunik".
Ñabardurak estiloan
Ezkerra jokotik at utzita, gaztaren zati berberarengatik ari dira borrokan Santos eta Zuluaga: gatazka ukatzen duten lur-jabe eta enpresari handiengatik. Zuluagak sinetsarazi nahi izan die euren interesak kolokan daudela Santosen negoziatzeko estrategiarekin, baina eliteek ongi ezagutzen dute Santos, eta badakite ez diela traizio egingo. Aste honetan bertan, gutun bat argitaratu dute herrialdeko 79 enpresari garrantzitsuk, presidenteari babesa adierazteko.
Neoliberalismoaren defendatzaile sutsuak dira bi hautagaiak: merkatu askean eta atzerriko inbertsioetan oinarritu nahi dute Kolonbiako ekonomia. "Sektore pribatuak aterako du baketik probetxu gehien", adierazi du Santosek hauteskunde kanpainan: "Oker izugarria litzateke orain arte egindako ahalegin guztia alferrik galtzea".
Funtsezko gaietan, antz handia dute biek; ñabardurak estiloan sumatzen dira. Santos pragmatikoagoa da, ez soilik gatazkari dagokionez; baita atzerri politikan ere. Ekuadorrekin eta Venezuelarekin negoziatzen hasi da, isilpean bada ere. Zuluagak, oposiziotik, errazago defendatu du halako gaietan jarrera gogorragoa, eta Venezuela chavistaren "konplize" izatea egotzi dio Santosi.
Apenas aintzat hartu dituzten maila sozial apaleneko herritarrak kanpainako ekitaldietan. Nekazariei keinu txiki batzuk egin dizkiete: Zuluaga lur-jabe ertainei eta ekoizle autonomoei mintzatu zaie, eta azpiegiturak berritzeko inbertsioak eta elkarteak sustatzeko kanpainak iragarri ditu. Santosek, berriz, barkamena eskatu du iazko uda amaierako protestak ukatzeagatik. Abuztuan eta irailean nazioko grebara deitu zuten nekazariek, eta hainbat astez blokeatuta eduki zituzten herrialdeko errepide nagusiak. "Ez dago halako grebarik", esan zuen presidenteak orduan.
Denak balio du kanpainan
Egunotan, fokuetatik at egon da Zuluaga: eztarriko gaitz batek eragotzi egin dio kanpaina amaierako ekitaldietan parte hartzea. Santosek arreta bereganatzeko aprobetxatu du; hala, bi presidentegaien arteko debate behar zuten hainbat hitzordu bake prozesuaren inguruko elkarrizketa bihurtu dira.
Akusazio gogor eta azpijoko zikinen lehia izan da bi hautagai eskuindarren artekoa, eta agerian utzi dituzte elkarren harreman sareak mafiekin eta espioitza sareekin. Bi asteotan, Kolonbiako Poliziak gutxienez bost agente kargutik kendu behar izan ditu, hautagai baten edo bestearen aldeko botoa eskatzeagatik: botere posizioa gehiegikeriaz erabiltzea leporatu diete.