Espero baino egun bat geroago, baina NBE Nazio Batuen Erakundeko Segurtasun Kontseiluak aho batez onartu du Siriara behatzaile misioaren lehen faseko 30 kideak bidaltzea. Baxar al-Assaden armadaren eta oposizioko taldeen su-etena bertatik bertara egiaztatzea izango da behatzaile taldearen egitekoa. Kofi Annan NBEko eta Arabiar Ligako mandatari bereziaren bakerako sei puntuko plana ezartzeko baldintzak bermatzea dute helburu. Su-etena mantendu eta egiaztatuz gero, aurrerago beste 200 behatzailez osatutako misioa bidaltzeko asmoa du NBEk, gobernuaren eta oposizioko taldeen arteko elkarrizketa politikoa abiarazteko.
Su-etena oraindik indarrean badago ere, indarkeria salaketak egin dituzte bai Damaskok baita oposizioko taldeek ere. Egoitza Londresen duen Siriako Giza Eskubideen Behatokiak salatu duenez, Al-Assaden armadak Homs bonbardatu zuen atzo, eta hamasei lagun hil zituen Alepon. Bestalde, koronel bat bahitu dutela eta Daraan, Idliben, Sarakeben eta Latakian armadak «talde terroristen erasoak» jasan dituela salatu du Damaskok.
Armen kontrabandoa
Siran egoitza duen oposizioko talde nagusiak, NCC Koordinazio Nazionalerako Batzordeak, su-etena «baikortasunez» ikusten duela jakinarazi du. «Oro har, su-etenak bere horretan jarraitzen du, leku batzuetan urraketak egon badira ere». Gatazkaren bi aldeei indarkeria eteteko eskatu die NCCk, «batez ere armadari».
Bestetik, Mediterraneoan Alemaniako itsasontzi bat atzeman dute Siriara bidean, hara armak bidaltzekotan zela, Der Spiegel aldizkariaren arabera. Ukrainako garraio enpresa batentzako lanean ari zen itsasontzia. Alemaniako Ekonomia Ministerioak esan du armen kontrabandoaren saiakera oro ikertuko dutela. NBEk Damaskori armen bahimendua ezarri zionetik, Siriara armak eramateko ahaleginean harrapatu duten bigarren itsasontzi alemaniarra da.
Behatzaileak Siriara bidaltzea onartu du NBEko Segurtasun Kontseiluak
Su-etenean egon arren indarkeria erabiltzen jarraitzea leporatu diote elkarri Damaskok eta oposizioak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu