Momentu honetan 60 herrialdetako 260 behatzaile daude Sirian, baina Robert Mood NBE Nazio Batuen Erakundeko behatzaile misioaren arduradunak aitortu du indarkeria kontrolatzeko arazoak dituztela, euren presentziak ez duela bakerik bermatzen herrialdean. «Behatzaileek ezin dituzte arazo guztiak konpondu; ezin dute inolako konponbiderik aurkeztu, liskarrak eteten ez badira. Soilik elkarrizketak konpon dezake arazoa».
NBEk agindu du hilabetea bukatu aurretik Sirian 300 behatzaile egongo direla. Kofi Annan NBEko eta Arabiar Ligako mandatari bereziaren bake plana betetzen ari ote diren ikuskatzea da behatzaileen lana. Planaren arabera, Baxar al-Assaden gobernuak zein oposizioko taldeek indarkeria baztertu behar dute, armadak kaleetatik atera behar ditu tankeak, arbitrarioki atxilotutakoak askatu behar ditu gobernuak eta bi aldeen arteko elkarrizketa hasi behar dute. Aldeek Annanen plana onartu arren, ez atzera ez aurrera dago egoera Sirian, eta indarkeriak ez du etenik. Errusiak, esaterako, bake plana zapuztu nahia leporatu dio CNS Siriako Kontseilu Nazionala oposizioko erakundeari.
Al-Qaedaren susmoa
Bestetik, Ban Ki-moon NBEko idazkari nagusiak esan du hilaren 10ean Damaskon izan zen atentatuaren atzean Al-Qaeda egon daitekeela. Siriako hiriburuan bi bonba-auto lehertu ziren eta 55 lagun hil zituzten. Al-Assaden gobernuak «talde terroristak» egin zituen erantzule.
Iazko martxoaz geroztik 10.000 lagun hil dira Sirian, NBEren arabera. Atzo bertan, armadak bi manifestari hil zituen tiroz, oposizioko taldeen arabera, eta istiluak izan ziren Alepon ere. Annan «laster» joango da Siriara, baina ez dute zehaztu eguna, «segurtasun arrazoiengatik».
Behatzaileek aitortu dute indarkeria kontrolatzeko arazoak dituela NBEk Sirian
Kofi Annanen bake plana zapuztu nahia leporatu dio Errusiak oposizioko Siriako Kontseilu Nazionalari
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu