Behin-behineko agintaldia luzatzeko eskatu du Papademosek Grezian

Samaras NDko buruak otsailean mantendu nahi du bozen eguna, eta ez duela erreskatea sinatuko berretsi du

mikel rodriguez
2011ko azaroaren 15a
00:00
Entzun
«Gobernu berriaren lana handiegia da aurrez ikusitako epean egiteko». Espero zen bezala, Lukas Papademos Greziako lehen ministroak behin-behineko gobernuaren agintaldia luzatzeko eskatu du Parlamentuan egindako lehenbiziko agerraldian. Aitzineko gobernuak eta oposizioak hauteskundeak otsailaren 19rako deitzea hitzartu zuten. Papademosek, ordea, agintaldia luzeagoa izateko eskatu zuen hasieratik. Gainerakoan, lehen ministro berriak adierazi du lehenbiziko erreskate planaren azken epeko dirua jasotzea dela bere gobernuaren lehentasuna, eta bere programa ekonomikoaren xedeak azaldu ditu.

Greziako aurrekontuaren defizita urte bukaeran BPG barne produktu gordinaren %9 izanen dela ohartarazi du Papademosek, eta «aurrerapenak» egin diren arren herrialdearen egoera oraindik «zaila» dela erran du. Lehenbiziko erreskate planaren azken epea —8.000 milioi euro— blokeatuta daukate EB Europako Batasunak eta NDF Nazioarteko Diru Funtsak, Georgios Papandreuk bigarren erreskate planari buruz erreferenduma egiteko asmoa iragarri zuenetik. Gobernuak, ordea, diru horren beharra du, berehala, abenduaren erdialderako zorrak eta gastuak ordaindu ezinda gera baitaiteke estatua. Bruselak Greziako Gobernuarekiko konfiantza galdu du, Atenasek lehenbiziko erreskate planean ezarritako neurriak egoki bete ez dituelakoan. Horregatik, lehenbiziko planeko azken 8.000 milioi euroak jasotzeko, bigarren erreskate planeko neurriak beteko dituela idatziz zin egiteko exijitu dio EBk Greziako Gobernuari. «Buruzagi politiko guztiei sinatzeko eskatzea ez da ultimatum bat», adierazi du Papademosek Parlamentuan. «Lagundu gaituzten Europako herriekin dugun betebeharra da».

Kontserbadoreen erronka

Antonis Samaras ND Demokrazia Berriko buruari igorritako mezua izan da Papademosek sinadura ematearen alde egin duena. Izan ere, Samarasek iragan astean iragarritakoa berretsi du: ez duela idatziz eginen EBk eta NDFk erreskatearen truke ezarritako neurriak betetzeko zinaeta ez duela bigarren erreskate planean ezarritako baino murrizketa gehiago onartuko. Samarasek erran du bigarren erreskate planean ezarritako neurriak betetzeko prest dagoela, baina ahozko zina nahikoa dela horretarako.

Greziako bigarren alderdia da ND kontserbadorea. Pasok sozialdemokrata eta lehenbiziko alderdiarekin eta Laos eskuin muturrekoarekin osatu du batasun nazionalerako gobernua. KKE alderdi komunista eta Syriza ezkerreko koalizioa gobernu hori eratzearen aurka agertu dira. Samarasek, ordea, zehaztu du ez dela «koalizio gobernu bat», ez datozelako bat «helburu politikoetan». «Trantsiziorako gobernuari laguntzeko konpromisoa hartu dugu; deus gehiagorako ez». Aginte berria «aldi baterako irtenbidea» dela oroitarazi du NDko buruak, eta hauteskundeak otsailaren 19an eginen beharko direla erran du.

Papademosek iragarritako asmoak bete nahi baditu, beraz, Samaras iritziz aldarazi beharko du agintaldiaren iraunpenari dagokionez, eta, batez ere, bigarren erreskate planak idatziz sinatzeari dagokionez. Lehen ministroa etzi elkartuko da EBko herrialdeekin Bruselan, eta azalpenak eman beharko dizkie.

Murrizketen eztabaida

Samarasek bereziki azpimarratu duen bertze alderdi bat da ez duela nahi murrizketa neurri gehiago ezartzea, bigarren erreskate planean exijitutakoez gain. Murrizketen eta zergen igoeren formula utzi eta bertze bat bilatu behar dela erran du. Papademosek onartu du egungo azken neurriek atzeraldia «okertu» eta langabezia igoarazi dutela, baina eurogunean mantentzeko bertze alternatibarik ez dagoela erran du. Horregatik, erreformekin eta pribatizazioekin segituko duela iragarri du. Finantza Ministerioak, berriz, Greziako Estatuarekin zorretan dauden 150.000 gizabanako eta enpresei ultimatuma eman die: hilaren 24rako zorrak kitatzen ez badituzte, haien izenak publiko eginen ditu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.