Boliviako hauteskunde emaitzen zenbaketa ofiziala motel doa. Botoen %63 zenbatuta, bi hautagai nagusien arteko berdinketa erakusten dute datuek. Evo Morales egungo presidenteak %42,8ko babesa jaso du, eta Carlos Mesak %41,86koa. Aldiz, behin-behineko emaitzen sistemak Moralesen garaipen argia iragarri du. Botoen %84 baieztatuta, behin-behineko datuek zioten bigarren itzulia egingo zela, baina, boto paperen %95 baieztatu ondoren, aldatu egin da egoera. Azkar zenbatzeko sistemak Moralesi %46,86ko babesa iragarri dio, eta %36,72koa Mesari. Emaitza horrekin, Morales lehen itzulian nagusituko litzateke, bigarren itzulirik egin beharrik gabe.
Boliviako hauteskunde legeak jasotzen duenez, hautagai batek bozak irabaziko ditu lehen itzulian botoen %50 baino gehiago eskuratzen baditu, edo %40 baino gehiago eskuratuta boto gehien bildu duten alderdietatik bigarrenari hamar punturen aldea ateratzen badio. Behin-behineko emaitzen arabera, Moralesek lehen itzulian lortuko luke garaipena, %0,14ko aldearengatik.
Mesak ohartarazi du ez duela emaitza hori onartuko. "Iruzur ikaragarria" dela salatu du, eta haren aldekoek hainbat istilu eragin dituzte Boliviako hainbat hiritan. La Pazen, boto zenbaketa ofiziala egiten ari den hotelaren parean egin dituzte protestarik handienak. Poliziaren eta manifestarien arteko liskarrak izan dira. Horrez gain, istiluak izan dira Sucren, Cochabamban, Tarijan, Ouron eta beste hainbat hiritan ere. Potosin, su eman diote eskualdeko hauteskunde auzitegiari. Liskarren ondorioz, zenbaketa eten dute lau departamendutan.
Carlos Romero Boliviako Gobernuko Barne ministroak Mesai leporatu dio herrialdea "istilu egoera" batera bultzatzea.
AEBetako Gobernuak Moralesek gobernuaren aurka egin du. "Demokrazia irauli" nahi izatea egotzi dio. Michael G. Kozak AEBetako Mendebaldeko Hemisferiorako estatu idazkariordeak ohar bidez ohartarazi duenez, "nazioarteko komunitatearekin" elkarlanean arituko da "Boliviako erakunde demokratikoei kalte egiten dien edonoren aurka".
Amerikako Estatuen Erakundeak kezka agertu du hauteskunde emaitzek izan duten joera aldaketa "drastikoarengatik", eta "herritarren borondatea errespetatzera" deitu du.