Behin-behineko gobernu bat osatzeko eskatu dio Parisek Siriako oposizioari

Damaskok arma kimikoak erabiliz gero, esku hartze militarra «zilegia» izango da, Hollanderen arabera

Jon Fernandez.
2012ko abuztuaren 28a
00:00
Entzun
Siriako presidentearen kontrako presioa muturreraino estutu nahi du Parisek. «Behin-behineko gobernu integratzaile eta ordezkatzaile bat osatzeko exijitzen dio Frantziak Siriako oposizioari, herrialde berria ordezkatzeko zilegitasuna izateko modukoa. Behin-behineko gobernu hori osatzen denean, Frantziak gobernu zilegitzat joko du». François Hollande Frantziako presidentearenak dira berbak.

Haren eskariak, baina, ez dira erraz betetzekoak. Baxar al-Assad presidentearen kontrako matxinada hasi zenetik hemezortzi hilabete igaro eta gero zatituta jarraitzen du Siriako oposizioak. Iragan astean, SNC Siriako Kontseilu Nazionaleko presidente Abdel Basset Saydak, hain zuzen ere, Parisen jakinarazi zuen, Hollanderekin bildu ostean, SNC «trantsizio gobernu bat» osatzeko aukera «aztertzen» ari dela. Siriako oposizioko lau talde nagusiak, ordea, ezin dira ados jarri.

Atzo Arabiar Ligako presidentearekin bildu ziren Kairon SNCko, NCC Koordinaziorako Batzorde Nazionaleko —herrialde barruan egoitza duen oposiziokotalde nagusia—, Siriako Armada Askeko eta Kurdistango Kontseilu Nazionaleko ordezkariak. Oposizioko taldeen arteko koordinazioa bultzatu beharraz aritu ziren, eta Sirian trantsizio gobernu bat osatzeko elkarren arteko ezadostasunak konpontzen laguntzeko eskatu zioten Arabiar Ligari. Gainera, behin-behineko gobernu bat osatzeko edozein ekimen indibidual baztertu zuten.

Mendebaldeko potentziak Al-Assad agintetik kentzeko presio egiten ari dira, baina Errusia eta Txina beldur dira, Siriako gatazkari tentsioa areagotzeak nazioarteko esku hartze militarra ekarriko ez ote duen. Hollandek, hain justu, Moskuren eta Pekinen jarrera kritikatu du, NBE Nazio Batuen Erakundeko Segurtasun Kontseiluan hiru aldiz erabili dutelako beto eskubidea Mendebaldeko herrialdeek Siriaren kontra aurkeztutako ebazpenak atzera botatzeko. Jokaera horrekin NBEk Siriako gatazka konpontzeko duen gaitasuna «ahultzea» leporatu die bi herrialdeei.

Darayako sarraskia

Esku hartzeaz ere berba egin du Hollandek. Argi berba egin ere: Damaskok arma kimikoak erabiliz gero, nazioarteak «zilegizko esku hartze bat egiteko arrazoia» izango luke. Bestalde, azken asteotan Turkiako Gobernuak proposatu duen aukera ere babestu du Parisek, Siriaren lurretan «eremu seguruak» sortzearena.

Siriako oposizioaren arabera, joan den asteburuan Daraya hirian armadak egindako sarraskiak erreakzio kate luzea ekarri du. Egoitza Londresen duen Siriako Giza Eskubideen Behatokiaren arabera, soldaduek 320 zibil hil zituzten, adingabeak tartean. Europako Batasunak gaitzetsu egin du hilketa, eta Ban Ki-moon NBEko idazkari nagusiak berehalako ikerketa bat egiteko eskatu du «sarraski basatia» argitzeko.

Siriako armadak hiriburuko hainbat auzune bonbardatzen jarraitzen duela jakinarazi dute oposizioko taldeek, eta atzo gutxienez 60 lagun hil zituela. Indarkeria egoerak 200.000 herritarretik gora bultzatu ditu inguruko herrialdeetara ihes egitera. Horietako asko Turkian daude, 80.000 inguru. Ankarak iheslariak hartzeak dakarzkion gastuak ordaintzen laguntzeko eskatu zion atzo nazioarteari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.