Igandean bertan hasi ziren oposizioko alderdiak, batik bat, Alexandr Milinkievichen alderdikoak, iruzurra salatzen. Astelehenean Hauteskunde Batzordeak behin behineko emaitzak eman zituenean, areagotu egin zen haserrea. Batzordearen arabera, hautesleen %92k eman zuen botoa, eta %82,6 Lukashenko presidentearentzat izan ziren. Milienkievichen alderdiari —oposizioko alderdi nagusia da— botoen %6 baino ez zizkion eman, eta besteei hortik behera.
"Iruzurra" salatzeko kalera atera ziren oposizioaren jarraitzaileak astelehenean, eta Minsk hiriburuan Urriko plaza hartu zuten. Harrezkero han daude gau eta egun oposizioaren ehunka jarraitzaile. Gainera, hilaren 25erako manifestazio handia ari dira antolatzen. Bielorrusiako oposizioarentzat Askatasunaren Eguna da martxoaren 25a, 1918an independentzia lortu zuten eguna ospatzen baitute.
Hauteskunde Batzordeak gaur emango ditu behin betiko emaitzak, eta horrek oposizioaren haserrea areagotu dezake. Nolanahi ere, oposizioak ez ezik, nazioarteko begiraleek ere Bielorrusiako hauteskundeak ez direla garbiak izan salatu dute.
Mundua
Behin betiko emaitzen zain protestan jarraitzen du Bielorrusiako oposizioak
Bielorrusiako Hauteskunde Batzordeak gaur eman behar ditu igandeko boz orokorren behin betiko emaitzak. Datu horien zain, protestari eusten dio oposizioak. Izan ere, behin-behineko emaitzen arabera Alexandr Lukashenko egungo presidenteak botoen %82,6 jaso zuen, eta oposizioak "iruzur handia" salatu du. Nazioarteko begiraleen iduriko ere, iruzur zantzuak daude.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu