"Minaren eta bortxaren gau luzea itxi du Kolonbian". Santos presidenteak ostiral gauean sinatu zuen 1386 dekretua, alde biko behin betiko su-etenari bide eman diona, eta hitz horiekin aurkeztu zuen. Asteleheneko 00:00etan sartu da indarrean —Euskal Herrian 07:00ak zirela—.
FARCen aurkako erasoak eta operazio militar zein polizialak bertan behera utzi ditu dekretuak. Baina zehaztapena egin du: "Bake prozesuan parte hartzen ari diren eta protokoloen arabera su-etena indarrean jartzeko prozeduretan parte hartzen ari diren" FARCeko kideen kontrako erasoak eten ditu gobernuak.
Presidenteak dekretua sinatu eta segituan egin du urratsa FARCek. Timoxenkok atzo arratsaldean agindu zien gerrillariei behin betiko su-etena. Gobernuko indarrek adierazitako ordu berean eten du jarduera FARCek.
Hiru aldeko talde batek jarraituko ditu su-etena eta armagabetzea. Estatuaren ordezkariek, FARCeko kideek eta Nazio Batuen Erakundeko ordezkariek osatuko dute.
FARCek, bestalde, Gerrillarien X. Konferentzia egingo du irailaren 13 eta 19 artean, Kolonbia hegoaldeko herri batean. Gerrillako 200 bat ordezkari elkartuko dira, bake akordioei onespena emateko. Espero da konferentzia horren ondoren iragarriko duela, ofizialki, gerrilla izateari utzi eta alderdi politiko bilakatuko dela.
Irail bukaeran, berriz, bake akordioen izenpetze ofizialaren ekitaldia egingo dute bi aldeek. Oraindik ez dute zehaztu lekua. Urriaren 2an, berriz, akordioa erreferendumean bozkatuko dute kolonbiarrek.