TXETXENIA

Beldurra eta iruzurraren mamua bozketa egunean

2003ko urriaren 5a
00:00
Entzun
Fartsa» eta «zilegitasunik gabeko» iritzi dietehainbat adituk, kazetarik eta Moskuri aurre egiten dion Txetxeniako Gobernuko zenbait kidek gaur Txetxenian presidentea aukeratzeko egingo dituzten hauteskundeei. Hauteskundeak Errusiak antolatu ditu, eta Moskuren interesei aurre egiten ahal dieten hautagaiak erretiratzeko presioen itzalean egingo dira. Errusiak, ordea, zilegizkotzat jotzen ditu.

Kremlinek herenegun lehen aldiz ageri-agerian utzi zuen Akhmad Kadiroven hautagaitza babesten duela gaurko bozetarako, 2000an Txetxeniako administrazioaren buru behin-behinean jarritako hautagaia. Moskurekiko leiala, Kadirovek ez du gaur aurkari garrantzitsurik izango, batetik Ixkeriako Errepublika Txetxeniarraren aldekoek 1997ko bozetan sortutako zilegizko Gobernua eta gerrillariak bozak boikotatuko dituztelako, eta, bestetik, Kadirovi itzala egin diezaioketen aurkari nagusiak, nahita edo gogoz kontra, lehiatik at geratu direlako. Gauzak horrela, Kadirov da faboritoa geratzen diren zazpi hautagaien artean. Gainerakoak haren ildokoak direla adierazi dute adituek.

Bozetarako bi egun geratzen zirela Moskuk Kadiroven alde publikoki egin izanak hauteskunde legea urratu du. Bitartean, hainbat komunikabidetan salaketak agertu dira administrazio buruaren kontra, eta boterea segurtatzeko «estortsioa eta indarkeria» erabili dituela leporatu diote. Errusiako Nazionalitateetarako ministro Vladimir Zorinek, berriz, esan du bozak «urrats handia» direla Moskuk Txetxeniarako duen bake planean. «Akhmad Kadirov da Txetxeniara bakea ekartzen ahal duen hautagai bakarra».

Txetxeniako presidente Aslan Maskhadovek «zilegitasunik gabeko» iritzi die hauteskundeei. Era berean, Errusiako Armadari aurre egiten jarraitzeko deia egin du. Haren hitzetan, Txetxenian erresistentzia armatua ez da geldituko «harik eta okupatzaileek ospa egin arte». Moskuko Novaya Gazeta egunkariak eginiko elkarrizketa batean erbesteko txetxeniarrek kudeatutako The Chechen Times webgunean ere agertu da Maskhadovek esan du bere zeregin konstituzional nagusia Txetxeniaren subiranotasuna defendatzea dela.

Horrez gain, Frantziako Le Monde kazetak herenegun argitaratu zuenez, Maskhadovek esan du Kremlinek antolatutako bozen ondotik ere borrokan segituko dutela ekintzaile txetxeniarrek.

Bestalde, Gizakiaren Eskubideen aldeko Ligen Nazioarteko Federazioak «maskarada» iritzi die «giza eskubideen urraketa giroan» egitekoak diren bozei.

Bozetarako hiru aste geratzen zirela, Errusiak Txetxenian duen komandantziako buru Said Selim Tsuievek bere hautagaitza erretiratu zuen. Aurretik, Aslanbek Aslakhanov eta Malik Saidulaiev ere erretiratu ziren. Bere kutun Kadirovi konpetentzia egin ez ziezaioten, Moskuk presioa eta trikimailu politikoak erabili zituen bien kontra. Gero jakin denez, Errusiako presidente Vladimir Putinek eskainitako postu bat onartu zuen Aslanbekek, erretiratzearen truke. Saidulaievek, ordea, presioak jasan izana salatu du, eta bera hauteskundeetara aurkeztea debekatzeko, Txetxeniako Auzitegi Gorenak Moskuren aginduak jarraitu izana.

Salaketa gehiago

Joan den irailaren 17an, Berriak Vessarion Gugushvilirekin hitz egin zuen (Txetxeniako Gobernuko Ekonomia aholkulari eta Estatistika Saileko buru ohia da, eta Georgiako lehen ministro izana Zviad Gamsakhurdiaren gobernuan), eta zera adierazi zion: «Errusiako Armada kanporatuta, has gaitezke boz libreez hitz egiten». Egun, Finlandian erbesteraturik bizi da Gugushvili, eta nabarmendu zuenez, Txetxeniako gatazka gainditzeko, Errusiako Armadak herrialdetik alde egin behar du lehenik; gero, gerra eta inposaketa gabe, aterabideez libreki hitz egin ahal izateko.

Gugushvilik salatu zuenez, Errusiak «herrialde okupatu batean» egin nahi ditu bozak. «Txetxeniar ugari erbestean dira, eta Moskuk nahi du Txetxenian diren soldadu errusiarrek bozetan parte hartzea. Erroldan sartu ditu!». «Errusiak emaitzak faltsutuko ditu, jakina, eta zilegizkotzat jo. Baina ez dute islatuko txetxeniarren borondatea».

Iragan martxoan eginiko erreferendumean botoemaile gehienek Txetxeniak Errusiako Federazioan segitzearen alde egin zuten. Gugushvilik emaitzen balioa gutxietsi zuen: «Sobiet Batasunean, 70 urte luze haietan, herritarren %99k Alderdi Komunistari botoa ematen ziotela esan zuten. Martxoko emaitzek ordukoen balio bera dute; erreferenduma ezin da libretzat jo».

Gerrilla txetxeniarrak eta soldadu errusiarrek elkarren kontra daramaten borroka laztu egin da 1991tik, batez ere 1999tik hona. 2001eko Irailaren 11ko erasoak «terrorismoaren kontrako gerrarako» aitzakiatzat hartuz, Txetxenian egindako zapalkuntza zuritu zuen duela bi urte Errusiako presidenteak.

Etiketak eta topikoak

Bestalde, Errusiako komunikabideek «terrorista islamiko» deitu diete maiz gerrillari txetxeniarrei, baina hori ez da errealitatean ageri. Txetxeniarrak musulman sunitak dira erlijioz, baina haien borroka ez da Koranaren araberako gizarte bat ezartzeko, Errusiatik independentzia lortzeko baizik. Gerrilla txetxeniarrean islamista erradikal wahabita gutxi daude; horiek Sharia (lege islamikoa) herrialdeko 421 udalerrietatik soilik bitan ezarri dute. Topikoetatik urrun, beraz.

Irailaren 24an, Txetxeniako Atzerri ministro Ilias Akhmadovek «txetxeniarren kontrako errusiarren propaganda» salatu zuen: «Leporatu digute Bin Ladenen sarearekin, talibanekin, Saddam Husseinekin eta Asian eta Europako krimen terroristekin loturak izatea. Estali egiten dute ez dutela txetxeniar bakar bat ere inoiz identifikatu, hilik zein bizirik, Iraken, Afganistanen edo Mendebaldearen kontra beste nonahi aritzen diren taldeetan».

Atzerri ministroaren arabera, ia 10 urteko gerran Txetxeniako populazioaren laurden bat hil dute, ehunka mila txetxeniarrek beren etxebizitzetatik alde egin behar izan dute, eta herrialdean geratu direnak epaiketarik gabeko exekuzioak, atxiloketak, torturak, bahiketak eta jazarpena jasateko arriskuan izango dira geroan ere.

AEBetara eginiko bisitan Akhmadovek Etxe Zuriari dei egin zion Kremlinari eska diezaion Errusiako indarrak erretiratu eta Txetxeniako presidentearekin elkarrizketa politikoak abia dezala.

Atzo ezezagun batzuek Moskuko New Communications telebista kateko gidari bat hil zuten.

P SALAKETA



 

Moskuk bortxaz itzularazi nahi ditu errefuxiatuak





Errusiako giza eskubideen aldeko talderik ezagunenak, Memorialek, berriki jakinarazi du Errusiako Gobernua saiatzen ari dela errefuxiatu txetxeniarrak beren etxeetara itzul daitezen, behartuta bada ere. Hori lortuta, egoerari lasai eta egonkortu itxura emango lioke, baita bozei halako zilegitasun berniza ere. Memorialek dio Moskuk Txetxenia ondoko Ingushetiako ErrepublikanErrusiako Federazioan hau ere 1.000 errefuxiatu txetxeniar hartzen dituen eremuan gasa, argindarra eta ura moztu dituela azken egunotan. Ingushetian 80.000 bat errefuxiatu txetxeniar daudela kalkulatu dute giza laguntzarako erakundeek. Hauek beldur dira bortxazko itzulerak ez ote dion egongaiztasun handiagoa ekarriko Kaukaso eskualdeari.

z Datua





80.000

1999an Errusiak Txetxeniaren kontrako bigarren gerra abiatu zuenetik, gutxienez 12.000 soldadu errusiar hil direla jakinarazi zuen herenegun Soldaduen Amen Batzordeak. Moskuk hilen kopurua gutxitzen duela eta zaurituak ospitaleetan hiltzen direnean ez dituela kontuan hartzen esan zuen batzordeak. Giza eskubideen aldeko taldeen eta diaspora txetxeniarraren arabera, 1999tik 30.000-80.000 zibil hil dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.