Belfast One City Conference batzarrak sei hilabeteko lana du, hiriari etorkizun hobea emateko edukiak lantzen, egitura pentsatzen eta sortzen. Hiriko ordezkari instituzional, politiko, ekonomiko eta unibertsitarioak elkartu dira egitasmo horretan. Belfast berrasmatzea da helburua. Gatazkaren ondoren Belfast denen artean egitea da xedea, komunitateen arteko aldea laburtu behar dutelako: hiria berritu, gatazka giroa gainditu eta ontziola zaharren garaia atzean utzi nahi dute—Titanic hiri honetan egin zuten—, eta zerbitzuetan oinarrituko den hiria moderno eta berdinagoa sortu.
Donostiak egun bizi duen egoeraz mintzatu da bertako alkate Juan Karlos Izagirre konferentzian. Nabarmendu du "hiri baten zabalkunde, aldaketa eta hobekuntzetarako" oinarrikoa dela, alkate bat edo beste bat egon, "oinarrizko ikuspegi amankomuna" izatea indar politiko guztien artean.
Euskal Herrian "esperantza garaia" dela gaineratu du, "alde bakarreko pauso eta emaitza askoren ondotik gaur gaurkoz aurrerapauso handi edo esanguratsuen falta ere badagoela dirudi, baina hala ere, Euskal Herrian ireki den aro politiko berriak benetako bestelako garaiak ekarri dizkigute", esan du. Elkarrizketa eta parte hartzea beharrezkoak direla pentsatzen du alkateak. "Zuek ondo dakizue hamarkada luzeetako gatazka politikoak gainditzeko bidea zer den, eta gu orain hori egin nahian gabiltza gurean". Hiri baten eraikuntzan ekarpenik handienetakoa errespetuan oinarrituz hiritarren bateratasuna lortzea dela uste du, eta Donostian hori lortzeko asmoa duela.
Eta euskarari buruz esan du hiri baten nortasunaren zatia dela bere hizkuntza eta Donostia dela Euskal Herriko hiribururik euskaldunena. "Norabide horretan euskararen sustapena eta bere erabilpena Donostiaren etorkizunera tresna nagusi izateko asmo irmoarekin gabiltza lanean".