Belgika, gobernurik gabe eta krisian

157 egun daramatzate jada gobernu federala ezin osatu, eta ozenago aditzen dira estatua zatitzeko deiak

2007ko azaroaren 14a
00:00
Entzun
1830etik, Herbehereetatik bereizi zenetik, krisi politikorik handiena pairatzen ari da aurten Belgikako erresuma. Iragan ekainaren 10etik, hauteskunde orokorrak egin zituztenetik, gobernua osatu gabe daude alderdi politikoak. Gaurkoarekin 157 egun izango dira flandestarrek eta waloniarrek gobernu federalik gabe daudela. Belgikako hauteskunde sistemak bi herrialde horietako alderdi nagusiekin koalizio gobernua osatzera behartzen duenez, eta bi komunitate horiek interes eta helburu kontrajarriak dituztenez -Flandesen independentzia barne-, kabinete federala osatzea izugarri lan zaila gertatzen ari da. Areago, joan den astean BHV Brusela-Halle-Vilvoorde hauteskunde barrutia bitan banatzea ebatzi zuen Belgikako Legebiltzarreko Barne Auzietarako Batzordeak.

Geldialdi politikoa eta politikarien ezintasuna , ordea -ezinezkoaren artea da politika esaera ez dira betetzen ari-, ez da politikarien zilegitasun galeran islatzen ari. Haatik, herrialde bakoitzeko herritarren jarrerak gogortzea dakarrela adierazi du N-VA Flandesko Aliantza Berria zentro-eskuineko alderdi nazionalistak. Edozein modutan, flandestarrek autogobernu handiagoa eskatzen dutenez, eta orain arte hori nekez lortu dutenez, gobernu federala osatzeko zailtasunak beren argudioak sendotzeko erabiltzen ari dira independentistak.

Iragan irailean, Belgikan lurralde dibortzioa gerta daitekeen zantzuak argiago agertzen hasi ziren. Inkesta batek erakutsi zuen flandestarren %43k Waloniatik (eta, beraz, Belgikatik) bereiztea nahi zutela. Bizilagun pobreagoan, Walonian -zatiketatik gehiago sufrituko luke ekonomikoki-, %20k agertu zuten bereizketa mesedegarria izango zen ustea.

Dibortziorako presta zaitezte, zioen frantses hiztunen Le Vif aldizkariak. «Ez dut Belgikaren bukaera nahi, baina gertatuko dela uste dut», adierazi zuen Gerard Deprezek, Waloniako buruzagi kristau-demokrata izandakoak.

Independentista flandestarrek ez dute beldurrik, eta uste dute traumarik gabe egin daitekeela bereizketa, Txekiak eta Eslovakiak 1993an egin zuten bezala. Biok Europako Batasuneko kide dira 2004tik.



EZIN KOALIZIORIK HITZARTU. Flandes eta Waloniako ordezkarien eskakizunak talka egiten ari dira berriz ere. Horiek gobernua osatzeko negoziazioak traba ez zitzaten, duela hilabete batzuk itun mamua deitua egin zuten Belgikako Diputatuen Ganberako presidente Herman Van Rompuyk (CD&V kristau-demokrata flandestarra) eta CDH Zentro Demokrata Humanista alderdi kristau-demokrata waloniarreko buru Joelle Milquetek. Itunari jarraiki, bi hereneko gehiengoa behar duten flandestarren exijentziak aztertzeko adituen batzordea osatuko lukete. Auzirik beroenak gobernua osatzeko negoziazio mahaitik Legebiltzarrera desbideratzea da xedea. Auzi beroetako bat Flandestik Waloniarako diru laguntzak eta transferentziak -Gizarte Segurantza kasu- murriztea da.

Abertzale flandestarrek ez dute Waloniaren gastuak Flandesen bizkar egoterik nahi.

Gehiengo sinplez onar daitezkeen exijentziek -eskualdeek Belgikako SNCB trenbide konpainian izan beharreko ordezkaritza, adibidez-, alderdien negoziazio mahaian jarraituko lukete, itun horren arabera betiere.

Horiek hala, bozetan nagusitu zen Yves Letermeren (CD&V) gidaritzapean negoziazioak bideratu eta bururaino eraman nahian dabiltza alderdiak. Iragan igandean Van Rompuy eta MR Mugimendu Erreformatzailea koalizio liberal waloniarreko Armand De Decker (Senatuko presidentea) gainerako alderdiekin bildu ziren, instituzioen auziari eta gobernu osaketari buruzko negoziazioak berriz abiatzeko. Alberto II.a erregeak agindu zien zeregin hori, kristaudemokrata eta liberal flandestar zein waloniarrek ostegunean negoziazioak bertan behera geratu ondoren.

Letermek estatu erreforma egitea (1970etik bosgarrena litzateke) hauteskunde kanpainaren ardatz nagusi izan zuen udaberrian.



Instituzioen

korapiloa
BHV Brusela-Halle-Vilvoorde hauteskunde barrutian pisu handia izan dute aldaketa demografikoek; Legebiltzarra herrialdeen orekaren isla da
j.m.s.

Belgikako Diputatuen Ganberako 150 eserlekuak orain arte 11 hauteskunde barrutien artean hautatu dituzte. Barrutiok hizkuntzaren arabera banatuta daude: bost flandestar (79 eserleku), bost waloniar (49 eserleku) eta BHV (22 eserleku). Barruti horiek probintziei dagozkie, Lovainakoa (Brabant Flandestarreko zati da) eta BHV Brusela-Halle-Vilvoorde izan ezik. Hauteskunde barruti bakoitzari populazioaren (ez boto-emaileen) araberako eserleku kopurua eman izan zaio. BHV izan ezik, guztiak elebakarrak dira.

Orain arte, BHVn 19 udalerri elebidun eta 35 flandesera hiztun egon dira, tartean frantses hiztunentzako bermeak zituzten sei udalerri.

Diputatuen Ganberak eta Senatuak osatzen dute Belgikako Legebiltzarraren sistema. Horrez gain, Flandes, Walonia eta Bruselako legebiltzar autonomoak daude. Senatua zuzenean hautatutako 40 lagunek eta hiru legebiltzar autonomoek izendatutako beste 21ek osatzen dute. Beste 10 senatari berezi daude, tartean erregearen hiru seme-alaba, zeinek ez duten botorik.



FRANTSES HIZTUNEN BARNE MIGRAZIOA.Bruselatik inguruko hiri eta herrietara -Brabant eskualdera- gero eta gehiago aldatu dira frantses hiztunak. Brabant flandestarra eta Brabant waloniarra daude, baina arazoak eremu flandestarrean sortu dira. Eremu bakoitzean, oro har, dagokion nazionalitateko alderdiak soilik aurkez daitezke. Baina Brusela hegoaldeko Halle hirian (nahiz eta flandestarra izan) lehiatzeko eskubidea izan dute oraintsu arte alderdi waloniarrek. Hallek, Brusela eta Vilvoorde hiriekin batera osatzen zuen oraintsu arte hauteskunde barrutia eta flandestarrek ez dute batere ondo ikusten frantses hiztunen alderdien presentzia. Hala, barruti osoa flandestarrentzat soilik izateko eskatzen ibili dira 40 urtez.

Waloniarren nahia, ordea, hau zen: Brusela eskualdearen eremua zabaltzea, Walonia Bruselarekin lotzeko, besteak beste, eta frantses hiztunak (jatorri waloniarrekoak nahiz flandestarrekoak) dauden hiriak, tartean Halle, hartzea.

Flandestarrek historikoki lotura handiagoa izan dute egungo Herbehereekin, kultura, ekonomia, politikan eta arlo sozialean. Hizkuntza ere, nederlandera (flandesera haren dialektoa da) bat dute. Waloniarrek, aldiz, Frantziarekin partekatu dute jatorria eta hizkuntza. Dena den, bi herrialdeon jatorri etniko nagusia herri germaniar eta zelten nahasketa zen herri belga zaharretik dator.

Belgikak hiru eskualde federatu ditu: Flandes, Walonia eta Brusela. Flandesek sei milioi hiztun flandestar ditu eta Waloniak 3,4 milioi frantses hiztun. Bi eskualde federatuetan beste gutxiengo nazional horietako biztanleak ere badaude eta, horrez gain, Walonian alemanez mintzo diren 70.000 biztanle daude. Bruselan, aldiz, egun waloniarrak dira nagusi, baina haiek zein flandestarrek hizkuntz eskubideak aitortuta dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.