Belgikako alderdiek urrats bat gehiago egin dute, eta hogei orduko negoziaketa luzeen ostean, gobernu berria osatu dute. Elio Di Rupo lehen ministroaz gain beste hamahiru ministrok osatuko dute exekutiboa, eta estatuko sei idazkari izendatuko dituzte. Atzo arratsaldean aurkeztu zuen gobernua parlamentuaren aurrean, gaur eztabaidatu egingo dute, eta ezustekorik ezean, bihar bozkatu eta onartuko dute. Hala, urte eta erdiko krisi politikoari amaiera emango dio Belgikak.
Eztabaidak ez dira errazak izan. Izan ere, gobernua osatu duten hiru alderdi valoniarren eta hiru flandriarren oreka bilatzea izan da auzirik korapilatsuena. Asteburuan eman diote baiezkoa joan den astean egindako akordioaren oinarriari, eta atzoko bileran ministroen kopurua eta karguen banaketa eztabaidatu zituzten. 1993ko eta 1994ko erreformez geroztik, Belgikako Gobernu Federala gehienez hamabost ministrok osatu dute, eta frantses eta nederlandera hiztunen kopurua parekaturik egon da. Dena den, Di Rupo frantses hiztuna izanik, liberal eta demokristau flandriarrek hamalau ministro jartzeko eskatu dute, haien aurkako bereizketarik egin ez dadin, eta hala errespetatu dute; azken hamarkadatako gobernurik txikiena osatu dute oraingoan.
Di Rupo izango da Belgikako lehen ministroa; honenbestez, valoniarrak hartuko du eskuarki flandriarrek eduki izan duten kargua, Belgikako gobernua 585 egunez hutsik egon ostean. Bidea, baina, aldapan gora hasiko dute, atzo bertan EB Europako Batasunak ezarritako neurrien aurka greba egin zutelako herritarrek, eta protestekin jarraituko dute. Di Rupok ostegunean joan beharko du Bruselako bilerara.
Belgikako gobernuaren osaketa hitzartu dute sei alderdiek
Gaur eztabaidatuko dute parlamentuan, eta, haren onespenarekin, bihar bozkatu eta onartzea espero dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu