Sei asteko epea eman dio Bruselako lehen auzialdiko epaitegiak bere buruari, Pablo Llarena Espainiako Auzitegi Goreneko magistratuaren kontrako auzia epaituko duen ala ez erabakitzeko. Epaitegiak argitu behar du magistratua epaitzeko eskumena duen ala ez. Aldeek lau aste izango dituzte alegazioak eta egutegi proposamena aurkezteko, eta epaitegiak bi aste izango ditu, ondoren, epaiketa abiatuko duen ala ez erabakitzeko.
Llarenaren defentsak adierazi du Belgikak ez duela eskumenik "Espainiako Justiziaren ekintzak epaitzeko". Hori dela eta, epaitegiari eskatu dio magistratua epaitzeko gaitasunik duen ala ez muga dezala bere jarduna. Akusazioaren esanetan, berriz, auziaren muina ezin da banandu epaitegiaren eskumenei buruzko azterketatik, eta muinari buruz ere erabakitzeko eskatu dio epaitegiari.
Llarenaren kontrako salaketa Carles Puigdemont Kataluniako presidente kargugabetuak eta Clara Ponsati, Toni Comin, Lluis Puig eta Meritxell Serret Generalitateko kontseilari ohiek aurkeztu zuten. Magistratu espainiarrak hitzaldi batean egin zituen adierazpenekin dagokien errugabetasun printzipioa urratu zuela salatu dute. Bostak Kataluniako galdeketa sustatzeagatik daude auzipetuta.
Epaitegiak hiru epaile izendatuko ditu Llarenaren kontrako salaketaren gainean erabakitzeko. Defentsak egin zuen eskari hori, auzia "konplexua" zela argudiatuta, eta epaitegiak aintzat hartu du.
Espainiako Gobernua auzian pertsonatuta dago, eta hark ordaintzen ditu Llarenaren defentsa gastuak.