Yves Leterme Belgikako lehen ministroak gaur dimisioa aurkeztuko duela esan du eguerdian Laurette Onkelinx lehen ministrordeak. Estatu federalaren berritzearen eztabaidak eragingo du dimisioa. Atzo Belgikako Gobernuko koalizioa hautsi egin zen, Open VLD Flandriako alderdi liberalak utzi egin zuelako.
Gobernuak bilera egin ondoren, Alberto II.a erregearengana joan da Leterme, dimisioa aurkezteko. Belgikako hedabide batzuen arabera, exekutibo osoak utziko du gobernua, ez lehen ministroak bakarrik.
Brusela-Halle-Vilvoorde barrutiaz akordiorik ez
BHV Brusela-Halle-Vilvoorde barrutiaren gaineko auziak eragin du krisia. Flandriako nazionalistek barrutia banatzea aldarrikatzen dute; bertako udalerri gehienetan frantses hiztunek -valoniarrak- bozetan parte hartzeko aukera daukate eta hori nederlanderaz mintzo direnekiko -flandriarrak- bazterketa dela salatzen dute. Flandrian eta Valonian ez bezala, barruti horretan bi komunitateetako alderdiak aurkez daitezke bozetara, nahiz eta flandriarrak nagusi izan.
Bruselako eskualde federala zabaldu eta euren arteko lotura sendotzeko egitura bat sortzea nahi dute, bestetik, frantsez hiztunek. Brusela-Halle-Vilvoordek orotara 54 udalerri ditu; Brusela eskualdea osatzen dute horietako hemeretzik -elebidunak- eta gainontzeko 35etan flandriarrak dira nagusi.
2008an ere utzi zuen kargua Letermek
CD&V Flandriako zentro-eskuineko alderdi demokristauko buruzagia da Leterme. Lehen ere izana da kargu berean, eta urtebetera eskuratu zuen berriro postua, duela bost hilabete. Joan den azaroan zioen Belgikako estatu federaleko instituzioak erreformatzeko ituna 2010eko udaberrirako nahi zuela. Flandriarrek euren autonomia garatu nahi dute, eta frantses hiztunek, berriz, estatu federalak bermatzen dituen eskualdeen eta erkidegoen arteko elkartasun sistemak atxiki nahi dituzte.
Hain zuzen, flandriar eta frantses hiztunen artean hazi ziren tentsioen ondorioz dimisioa eman zuen 2008 bukaeran Letermek.
mundua
Belgikako lehen ministroak dimisioa aurkeztuko du, estatu erreformaren eztabaidak eraginda
Atzo gobernua utzi zuen Flandriako alderdi liberalak. Bruselaren barrutiaz ez daude ados flandriarrak eta frantses hiztunak. Flandriako zentro-eskuineko alderdi demokristauko buruzagia da Yves Leterme, eta 2008an ere utzi zuen lehen ministro kargua, arrazoi beragatik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu