"Konturatu naiz nire deiek ez dutela inor konbentzitu. Beraz, hori errespetatu behar dut, eta egoera kontuan hartu. Horregatik, nire dimisioa aurkeztea erabakia dut", azaldu du Michelek Ordezkarien Ganberan. Adierazpen horren aurretik, PSk eta SP.Ak haren aurkako mesfidantza mozioa aurkeztu dute, ostegunean eztabaidatzeko eta bozkatzeko; Ecolo eta Groen alderdi ekologistek ere bat egin dute testuarekin.
Orain, Philippe erregeari dagokio hurrengo pausoa ematea: Michelen dimisioa behin-behinean eten du, eta alderdi politikoekin kontsultak abiatuko ditu. Hauteskundeak datorren urteko maiatzaren 26an dira; Michelek horiek aurreratzeko erabakia hartuko balu, 40 egun barru egingo lituzkete.
NBE Nazio Batuen Erakundeak sustaturiko Migrazioaren Itunak kolokan jarri zuen Belgikako Gobernua hilaren hasieran. Michel akordioa sinatzearen aldekoa zen, baina gobernu koalizioko N-VA —eskuindarra— hori egitearen aurka agertu zen hasieratik. Hala ere, Michelek testua sinatzeko asmoa berretsi zuen, eta N-VA gobernutik atera zen. Orduz geroztik, Michel gutxiengoan gobernatzen ari zen.